Saizarbitoria Zabaleta, Ramon
Gipuzkoar idazlea (Donostia, 1944). Ekonomia eta soziologia ikasketak egin zituen Friburgon, Suitzan. Saizarbitoriaren eleberriek, asko ez badira ere, oso eragin handia izan dute euskal literatura modernoan. 1969an Egunero hasten delako eleberria argitaratu zuen; abortoari buruzkoa da eta euskal literaturako lehen eleberri modernotzat joa izan da, hizkuntzaz eta gaiez guztiz berritzailea baita. Eleberri horretan euskaraz ordu arte erabili gabeko teknikak erabili zituen: Frantziako Nouveau Roman-en objektibotasuna eta Joyce-ren eragina duen barne bakarrizketa, elkarrizketen trataera, elipsia, flash back-a… Hurrengo eleberrian bide berari jarraitu zion (Ehun metro, 1976); ETAko kide baten historia kontatzen du, flash-back-aren teknika muturreraino eramanez eta elebitasuna baliabide estilistiko gisa erabiliz. Hori izan da euskal eleberri irakurrienetako bat; gaztelaniara, frantsesera, italierara eta ingelesera itzuli da, eta oso eragin handia izan du ondorengo euskal eleberri eta kontakizunaren bilakaeran. Argitaratu duen azken nobela, Ene Jesus! (1976), hizkuntzaren beraren azterketa sakona da eta, aldi berean, amaren irudiari buruzko gogoeta; Samuel Beckett-en eta psikoanalisiaren itzala oso nabarmentzen dira. 80ko hamarkada isilean eman ondoren, 90ekoaren bigarren erdialdean indarrez itzuli zen literaturgintzara. 1995ean, Hamaika pauso eleberria argitaratu zuen (Espainiako Kritikaren Saria). 1996an, berriz, Bihotz bi. Gerrako kronikak argitaratu zuen. 1999an, Aberriaren alde (eta kontra) saiakera plazaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren egoerari buruz. 2000. urtearen azkenaldera, berriz, bost kontakizun biltzen dituen Gorde nazazu lurpean lana argitaratu zuen (Espainiako Kritikaren Saria eta Euskadi Saria). Geroztik argitaratutako narrazio liburuak: Gudari zaharraren gerra galdua (2000); Rosetti-ren obsesioa (2001); Bi bihotz, hilobi bat (2001); Kandinskyren tradizioa (2003). v Saizarbitoriak Gaur soziologia azterketa taldean lan egin zuen eta Lur eta Kriselu argitaletxeetako kidea izan zen. Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan idatzi zuen eta Ustela eta Oh! Euzkadi literatura aldizkarien sortzaileetako bat izan zen. Gizarte zerbitzuetan lan egiten du eta alor horretan ere argitaratu izan du libururik: Perinatalidad y prevención (1981).
- saintu
- saintvincentar
- saio
- Saioa
- Saison
- Saizarbitoria Zabaleta, Ramon
- saju
- saka egin
- saka
- sakabanatu, sakabana, sakabanatzen
- sakabanatzaile