Saint-Nazaire
Frantziako mendebaleko suprefetura hiria, Loire-Atlantique-ko departamenduan (Pays-de-la-Loire), Loira ibaiko estuarioaren sarreran, Ozeano Atlantikoaren ertzean. 69.769 biztanle (112.009 biztanle ditu hirialdeak). Merkataritza eta arrantza portu garrantzitsuak. Industria (ontziola handiak, industria aeronautikoa, kimika industria, janari industria, metalurgia, altzairugintza) da bertako ekonomia jarduera nagusia. Mindin izeneko zubiak (720 m) lotzen ditu Saint-Nazaire eta Saint-Brévin hiriak. v Historia. Galiarren eta erromatarren garaiko aztarnategiak geratu ziren agerian portua egokitzen ari zirenean eta, dirudienez, Atlantiko itsasertzeko Corbilo hiri galiar garrantzitsua da Saint-Nazaire. Arrantza portu txiki bat besterik ez zen XIX. mendean, baina Nanteskoaren aurre-portu egin zuten XIX. mendearen bukaeran. 1861. urtean sortu ziren lehen ontziola garrantzitsuak; Bigarren Mundu Gerran toki berean ezarri zuten alemaniarrek beren itsas armadaren parte garrantzitsua, eta kalte handiak izan zituen hiriak.