sagardo
iz. Sagarren zukua hartzituz egiten den edari bizia. Bi pitxer sagardo. Sagardoa egin. Sagardo motela. Sagardo-saltzaitzeak. Sagardo-tratalariak. Bisigua sagardoarekin jan afaltzen. v Hist. Antropologoek diotenez, euskaldunek baserria baino lehenago ezagutu zituzten sagarra eta sagardogintza. Harrizko baserriak sortu aurretik, jendea zurezko etxeetan bizi zen, eta gelarik ere ez zuten antzinako eraikuntza haietan sagardoa egiteko dolareak baziren. Gipuzkoan Europako dolare handienak gorde dira. XIII. mendekoak dira sagardoari buruzko idatzizko berririk zaharrenak. XIV. mendean sagarrondoak eta sagardoaren saileko ondasunak ziren, eta zigor gogorrak aipatzen ziren upelak puskatzen zituztenentzat edo sagardoari ura botatzen ziotenentzat. XV. mendeko Hernaniko ordenantza batzuetan upelak zozketa bidez zabaltzen zirela aipatzen da, eta aurrekoak bukatu arte ondorengoak ezingo zuela sagardoa saltzeko bere upela zabaldu. Gipuzkoako foruetan ere (1585) sagardoaren kontrako iruzurrez hitz egiten da. XVI. mendeaz geroztik sagarrondoak gutxitu egin ziren Bizkaian, Araban eta Nafarroan, baina Gipuzkoan indartsu iraun zuten. Idatzi zaharren arabera Donostian 1828an batez beste biztanleko hiru litro sagardo edaten zen egunean. XIX. mendean atzera egin zuen sagardogintzak, zergak asko igo baitziren. v Baserrietan sagardoa etxeko sagarrekin, eta etxean edateko, egiten zen. Askotan auzolanean egiten zen, eta ohitura horrek duela gutxi arte iraun du. Baserritarrek dolarea sagar kargaz betetzen zuten, sagarra jo eta lehertu egiten zuten (eskuz orain dela gutxi arte, makinaz gaur egun), dolareari ura bota eta sagar-patsa hartzitzen uzten zuten, eta azkenean sagardoa upeletan sartzen zuten. Geroago sortu ziren sagardotegiak; haiek izan ziren baserritarren lehenengo tabernak. Pitxarretan ateratzen zen sagardoa eta harekin batera, sardin zaharrak, arrautza egosiak eta gaztainak jaten zituzten. Upelak iturri bat zuen eta mahai baten atzean zegoen pertsona batek sagardoa edalontzietan eta pitxarretan ateratzen zuen. Geroago sortu zen upelera edatera joateko ohitura eta txotxean edatekoa.