Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosa, António Ramos

Portugaldar olerkaria (1924). Olerkigintzan helduaroan nabarmendu zen, baina oso gaztetatik izan zuen letren munduarekin harremana, 1950eko hamarraldian zuzendari izan baitzen zenbait aldizkari literariotan -Árvore (1952-54), Cassiopéia (1956) eta Cadernos do Meio-Dia (1958-60)-, eta kritika literarioko artikuluak idatzi eta prentsarako lanak egin baitzituen. Bere obrari dagokionez, intimismoa ezkutatzea, bere bertsoetan giza presentzia baztertzea eta surrealismoaren kutsua dira ezaugarri nagusiak; sentimenduen lekuan errealitate ukigarria eta ikusgaia jartzen du Rosak bere olerkietan, bertso original eta aberatsen bitartez. Olerki liburu lan nagusiak Viagem através duma Nebulosa (1960), Ocupaçao do Espaço (1963), Terrear (1964), O Ciclo do Cavalo (1975), Boca Incompleta (1977), O Incerto Exacto (1982), Dinâmica Subtil (1984) eta A Rosa Esquerda (1991) ditu. Ramos Rosak lan gogoangarria egin du halaber olerkigintzaren teoriko eta kritikari gisa, eta gerora modernotasuna deitu izan zen joeraren jarratzailetzat hartua da. Alor horretan azpimarratzekoak ditu Poesia, Liberdade Livre (1962), A Poesía e a Interrogação do Real (bi liburuki, 1979-80), Incisões Oblíquas (1987) eta A Parede Azul (1991).