Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ptolomeo

Egiptoko hamabost faraoien izena.  v  Ptolomeo I.a Soter (“Salbatzailea”). Egiptoko erregea K.a. 305-283 urteetan (Mazedonia, K.a. 367 edo 366 - Mazedonia, K.a. 283). Lagiden dinastia grekoa sortu zuen Egipton. Alexandro Handiari lagundu zion Asiara, haren osteen buruzagi baitzen, eta espedizio hari buruzko kronika bat idatzi zuen. Egiptoko eta Libiako satrapa izendatu zuten K.a. 323. urtean, eta Zireneraino hedatu zuen bere erreinua. Siria, Jerusalem eta Zipre konkistatu zituen ondoren. Seleuko I.a Nikator babestu eta harekin bat egin zuen Antigonos Monophthalmosen eta haren seme Demetrioren aurkako borrokan eta garaipenean (K.a. 312). Asia Txikiraino eta Greziaraino hurbildu zen Ptolomeo, baina Zipreko kostaldearen aurrean itsas gudua galdu ondoren, gainbehera etorri zen itsasoan zuen nagusitasuna eta Egipto eta Zirene baizik ez zitzaizkion geratu. Bere burua errege izendatu zuen, eta faraoiek zituzten eskubideez jabetu zen. Zelesiria (301), Zipre (295-294) eta Zikladetako babesgoa (287) berreskuratu zituen ondoren. Alexandria egin zuen Egiptoko hiriburu eta guztiz edertu zuen. Merkataritza, zientziak eta artea bultzatu zituen, bestalde.  v  Ptolomeo II.a Filadelfo (“Arreba maite duena”). Egiptoko erregea K.a. 283-246 urteetan, aurrekoaren semea (Kos, K.a. 308 - Kos, K.a. 246). Traziako Lisimakoren alaba zen Arsinoe I.arekin ezkondu zen Ptolomeo artean gazte zela. Gerra kanpaina ugariren zuzendari izan zen bere anaiorde Magas Zirenekoaren, Antiokos I. Soter-en (274-271), Antigono I.a Gonatas-en (267-266, 262-261) eta Antiokos II.aren (260-253) aurka; hala areagotu zuen aitarengandik jaso zuen erreinua eta aginpidea. Bere arreba Arsinoe II.arekin ezkondu zen 276. urtean. Herri-lan garrantzitsuak (Nilo eta Itsaso Gorriaren arteko ubidea) bultzatu eta artea eta zientziak babestu zituen, aitak bezala.  v  Ptolomeo III.a Evergetes (“Ongilea”). Egiptoko erregea K.a. 246-221 urteetan, Trifon izenaz ere deitua, aurrekoaren semea (Mazedonia, K.a. 280 - K.a. 221). Magas Zirenekoaren alaba Berenizerekin ezkondu zen aginpidera iritsi bezain laster, eta era horretan Zirenaika berreskuratu zuen. Seleukotarren inperioa inbaditu zuen eta Siriako, Asia Txikiko eta Traziako hainbat lurralde mendean hartu zituen. Pertsiarrek ebatsitako irudi sakratu ugari berreskuratu zituen Egiptorentzat eta tenplu ugari eraikiarazi zituen, Edfukoa, besteak beste.  v  Ptolomeo IV.a Filopator I.a (“Aita maite duena”). Egiptoko erregea K.a. 221-205 urteetan, aurrekoaren semea (K.a. 244 - K.a. 205). Ustela eta nagia zen eta Sosibio eta Agatokle ministroen esku utzi zuen aginpidea. Antiokos Megas garaitu zuen Rafiako guduan (217), 20.000 nekazariren eta Galiako eta Traziako mertzenarioen laguntzari esker.  v  Ptolomeo V.a Epifanes (“Jakituna”). Egiptoko erregea K.a. 205-181 urteetan, aurrekoaren semea (Mazedonia, K.a. 210 - K.a. 181). 205. urtean iritsi zen aginpidera, Sosibio eta Agatokle ministroek Ptolomeo IV.aren heriotza denbora luzeagoz ezkutatu ezin izan zutenean, hain zuzen. Mazedoniarrek eta siriarrek K.a. 200 edo 198. urtean garaitu zuten eta, orduan, Zelesiria eta Asia Txikia galdu zituen. Adin nagusira heldu zenean Siriako Antiokos III.aren alaba Kleopatra I.arekin ezkondu zen. Egiptoko jatorrizko biztanleen matxidanei aurre egin behar izan zien (Tebaida, Abydos, Likopolis). Egiptoko erlijio gizonak erakartzen saitu zen, eta jatorrizko erlijioa bultzatu zuen Rosetta harriak adierazten duenez.  v  Ptolomeo VI.a Filometor (“Ama maite duena”). Egiptoko erregea K.a. 181-145 urteetan, aurrekoaren semea (Mazedonia, K.a. 186 - Siria, K.a. 145). Bere arreba Kleopatra II.arekin ezkondu zen K.a. 173. urtean. Antiokos IV.ak Egipto inbaditu zuenean atxilotu zuen Ptolomeo VI.a, eta haren anaia Ptolomeo VII.a izendatu zuten errege Alexandriako biztanleek. Erromatarren esku-hartzearen ondorioz (169-168) bi anaien artean banatu zuten aginpidea, baina berehala hasi ziren bien arteko liskarrak eta Ptolomeo VI.ak Ziprera erbesteratu behar izan zuen. Aginpidera itzuli zen urtebete geroago eta Zirenaikara bidali zuen anaia. Seleukotarren arteko gerretan ere parte hartu zuen, eta Siriako errege koroatu zuten bere suhi Demetrio II.arekin batera, baina Alexandro I.a handik gutxira hil zen Balasen aurkako guduan egin zizkioten zauri larrien ondorioz. Eunukoen eragina nabarmen areagotu zen Ptolomeo VI.aren agintaldian.  v  Ptolomeo VII.a Evergetes II.a (“Ongilea”). Egiptoko erregea K.a. 170-163 eta 145-116 urteetan, aurrekoaren anaia (Mazedonia, K.a. 181 - K.a. 116). Anaia hil zenean haren alargunarekin ezkondu zen, eta heriotzara kondenatu edo erbesteratu zituen bere aurka azaldu ziren guztiak. Intelektual askok Alexandriatik alde egin zuten garai hartan. Bere iloba Kleopatra III.arekin ezkondu zen 141. urtean. Kleopatra II.ak Alexandriatik bota zuen bederatzi urte geroago, baina Ptolomeok berriz konkistatu zuen erreinua (128-127). 124. urtean bakeak egin zituen Kleopatra II.arekin, eta bakea itzuli zion herriari amnistia baten bidez.  v  Ptolomeo VIII.a. Neos Eupator. Egiptoko erregea K.a. 145-144 urteetan, Ptolomeo VI.aren eta Kleopatra II.aren semea (Mezedonia, K.a. 162 - K.a. 144). Bere aita hil zenetik Ptolomeo VII.ak hil zuen arte agindu zuen Egipton.  v  Ptolomeo IX.a Soter II.a (“Salbatzailea”). Egiptoko erregea K.a. 116-107 eta 88-81 urteetan, Ptolomeo VII.aren eta Kleopatra III.aren semea (Mazedonia, K.a. 142 - K.a. 81). Ahaleginak egin zituen amak, Ptolomeo IX.aren ordez, haren anaia Ptolomeo X.a izan zedin errege, baina hutsean geratu ziren Kleopatraren saioak. Kleopatra IV.arekin ezkondu zen Ptolomeo lehendabizi eta Kleopatra V.arekin ondoren. Aginpidetik eraitsi zuten 107. urtean, bere anaia jarri zuten bere ordez, baina anaia hil eta erregetza berreskuratu zuen (88). Tebaidako matxinada zapaldu zuen (88-86). Obra handiak egin ziren bere agintaldian, Dandaran eta Madamuden batik bat.  v  Ptolomeo X.a Alexandro I.a. Egiptoko erregea K.a. 107-88 urteetan, aurrekoaren anaia txikia (Mazedonia, K.a. 140 - itsasoan, K.a. 88). Zipren errege izan ondoren bere anaiaren aurka borrokatu zen, eta amaren laguntzaz garaipena lortu zuen. Alde batetik, Alexandro Handiaren hilobia (Sema) profanatu zuen 89. urtean, eta, bestetik, israeldarrak babestu zituen; horren ondorioz, herria matxinatu egin zen eta Egiptotik bota zuen erregea. Itsas gudu batean hil zen, Zipretik hurbil.  v  Ptolomeo XI.a Alexandro II.a. Egiptoko erregea K.a. 80. urtean, aurrekoaren semea (Mazedonia, K.a. 100 - K.a. 80). Kos-en eta Ponto-n egin zituen ikasketak. Erromara jo zuen 80. urtean eta Kleopatra Berenize III.arekin ezkondu zen. Emaztea hil zuen, eta, beraz, Alexandriako biztanleek bera hil zuten.  v  Ptolomeo XII.a edo Dionisio Berria. Egiptoko erregea K.a. 80-58 eta 55-51 urteetan, Noto (“Sasikoa”) edo Auletes (“Flautista”) deitua, Ptolomeo X.aren ustezko semea (Mazedonia, K.a. 116 - K.a. 51). K.a. 59. urtea arte ez zuen Erromak erregetzat onartu. Egiptotik bota zuten herritarrek Erromak Zipre konkista zezan onartu zuelako. Kleopatra VII.a ospetsuaren aita zen.  v  Ptolomeo XIII.a Dionisio II.a. Egiptoko erregea K.a. 51-47 urteetan (Mazedonia, K.a. 61 - K.a. 47). Bere arreba Kleopatra VII.arekin ezkondu zen. Ponpeio hilarazi zuen, hura Egipton baitzegoen. Zesarrek aginpidea Kleopatra VII.arekin banatzera behartu zuen. Gudu batean hil zen, Nilo ibaian itoa.  v  Ptolomeo XIV.a Filopator. Egiptoko erregea K.a. 47-44 urteetan, aurrekoaren anaia (Mazedonia, K.a. 59 - K.a. 44). Zipreko errege izendatu zuen Zesarrek K.a. 48. urtean. Kleopatra VII.arekin ezkondu zen K.a. 49an, baina hark hilarazi zuen hiru urte geroago.  v  Ptolomeo XV.a Zesar. Egiptoko erregea K.a. 44-30 urteetan, Zesar eta Kleopatra VII.aren semea, Zesarion izenaz ere deitua (Mazedonia, K.a. 47 - K.a. 30). Actium-go guduaren ondoren hil zuen Octaviok. Haren heriotzak amaiera eman zion Ptolomeoen dinastiari, eta Egipto erabat Erromaren mende geratu zen.