Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

psikoanalisi

iz. Adimenaren prozesuak aztertzeko, eta buru eta adimen nahasmenduak tratatzeko metodoa.  v  Historia. Psikoanalisiaren sortzailea Sigmund Freud (1856-1938) Vienako medikua izan zen. Freuden medikuntza lanekin moldatzen hasi eta haren autokritika eta berrikuste etengabearen arabera hazi eta osatu zen psikonalisia. Halaber, zenbait jarraitzailek Freudek ezarritako ortodoxiatik aldendurik psikoanalisiaren interpretazio propioa garatu zuten. Horrenbestez, hainbat joera azaldu dira, hala nola, freudomarxismoa (W. Reich, H. Marcuse); niaren psikologia analitikoa (H. Hartmann, E. Kris, R. Loewenstein); soziopsikologia eta ekologia kontuan hartzen duena (E. Erikson, E. Fromm, A. Mitscherlich…); haurren analisia (Melanie Klein, D. W. Winnicott); Jacques Lacan-en berrikuntza teorikoa eta abar.  v  Inkontzientearen aurkikuntza. Inkontzientearen aurkikuntzak erabateko garrantzia izan zuen psikoanalisiaren sorreran eta geroztikako bilakaera teorikoan. 1870eko hamarkadan, J. M. Charcot-ek eta H. Bernheim-ek hipnosiaren inguruan egindako esperientziek psikismoa eta kontzientzia gauza bat eta bera ez direla frogatu zuten: hipnosiaren mendean zegoen pertsonari agindu jakin batzuk emanez gero, hura esnatu eta bete egiten zituen agindu horiek, baina ez zituen aginduak gogoan —hasieran, behinik behin—; estutuz gero, ordea, pertsona hura aginduez oroitzen zen. Gero, 1890 inguruan, J. Breuer-ek, gertakari ahaztuak hipnosiaren bidez gogora ekarriz, lortu zuen zenbait gaixoren histeria-sintomak desagerraraztea Hala, beraz, prozesu psikiko inkontzienteen errealitatea agerian zegoen, baita inkontzientearen, sintomaren eta hitzaren arteko lotura ere.  v  Metodo psikoanalitikoa. Freudek burutazio libreen metodoa erabili zuen, hipnosia alde batera utzita. Hona Freudek zer aurkitu zuen: Gogora etortzen zaion guztia askatasun osoz adieraztera bultzatzen bada gaixo bat, erresistentzia puntu batzuk agertzen dira, eta erresistentzia puntu horiek ahanztura eragin duen gaitzespen prozesu bat islatzen dute: inkontzienteak biltzen dituen irudikatze horiek kontzientziaren esparrutik egotziak izan dira eta ezin daitezke hartara itzuli, indar batek galarazten dituelako. Bestalde, ametsak ere inkontzientearen lana agertzen du: ametsen irudi desitxuratu eta esanahi argirik gabeko horiek zentsurak mozorrotutako gertakariak eta objektuak besterik ez dira. Lapsusak ere –gauzak galtzea, zenbait gertakari ahaztea– inkontzientearen adierazgarritzat hartzen dira. Neurosien tratamenduan psikoanalistak erresistentziagune horiek, gehienetan sexuarekin zerikusia dutenak, identifikatu behar ditu eta saiatu behar du eriari nahasketa sortu zioten egoerak hark berriro begietara ditzan, emozio tentsio horiek menderaturik gerta daitezen.  v  Giza psikismoaren egitura. Inkontzientearen pentsamendu eraldatuaren benetako esanahia jakiteko, aldaketa hori nola gertatu den jakin behar da, eta horren arabera interpretatu. Hori lortzeko, Freudek hiru sistema nagusietan bereizi zuen nortasunaren egitura: zera (id), nia (ego), supernia (superego). Zera bulkada inkontzienteen multzoa da; psikismoaren indar guztiak biltzen ditu; atsegina erdiestea da haren helburu bakarra eta ez du inolako arau etikorik edo sozialik. Niak pertsonaren eta inguruaren arteko harremanak erregulatzen ditu, arrazionaltasunaren gordelekua da eta errealitatearen printzipioaren arabera jokatzen du. Supernia nortasunaren alde etikoen eta kritikoen bilgunea da. Hiru sistema horiek haurraren bizitzaren lehen urteetan eratzen dira, eta elkarrekiko eraginez eta elkarren arteko gatazka etengabean aritzen dira pertsonaren bizitzan zehar. Nia instintuen indarrei eutsi ezinean dagoenean, antsia neurotikoa izaten du pertsonak. Antsia neurotikoa objektu batean proiektatzen denean, fobia sortzen da. Antsiaren aurrean niak hainbat defentsa mekanismo lantzen ditu (identifikazioa, errepresioa, sublimazioa, proiekzioa, erreakzioa, finkatzea, atzerabidea, arrazionalizazioa) esperientzia ezatsegin hori ez jasatearren.