Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

psikiatria

iz. Buruko eritasunak aztertzen dituen medikuntzaren adarra.  v  Psikiatria historian zehar. XVII. mendearen aurretik, adimen eritasunak erlijioaren eta magiaren alorrekoak zirela uste zuten (zibilizazio batzuetan, onuragarriak; beste batzuetan, berriz, kaltegarriak), eta, oro har, lan egiterik ez zuten gainerantzekoekin batera baztertzen zituzten zoroak, eta erruki etxeetan edo erietxeetan sartzen zituzten, hil arte. Industria iraultzarekin batera, eromena arrazoimenaren akats gisa hartu zen. Zoroetxeak sortu ziren (zoroentzako erietxe bereziak), eta hara eramaten zituzten zoroak –hil arte, gehienetan– ez baitziren gizartean bizitzeko gaitzat hartzen. Zigorra erabiltzen zen sendabide ia bakartzat, horrela zoroak gizartean bizitzen ikasiko zuelakoan. Frantziako iraultzaren ondorengo etikaren arabera, zoroen bizimodua hobetu egin zen –formalki, bederen–, eta eromena borondatearen desbiaziotzat hartzen hasi ziren. Teoria horren ondorioz, zoroa berriz hezitzeko ahaleginak etorri ziren (lan egitea, autodiziplina…), zigorra bazterturik eta garai hartako hezkuntza islatzen zuen terapiaren arabera. XIX. mendeko positibismoaren emaitza da psikiatria medikuntzaren adartzat –zientziatzat, beraz– hartu izana. Une hartan bereizi ziren psikologia (garunaren jarduera normalaz arduratzen zena) eta psikiatria (garunaren eritasunak aztertu eta sendatzen zituena). Eromena adimenaren eritasun gisa zehaztu zen, baina eritasuna eriaren gizarte ingurutik bereizita balego bezala tratatzen zuten, inguru horrek eritasunaren garapenean eraginik ez bailuen. XX. mendearen erdialdean, psikofarmakoak aurkitu ziren, eta eromena “sendatu” zitekeelako ustea hedatu zen, nahiz eta eromenaren funtsezko arrazoiak ezagutu ez (psikiatria biologista). Teoria horren aztarna batzuek irauten dute oraindik ere (elektroshocka, konbultsioen aurkako kimioterapia, psikokirurgia eta abar), baina, XX. mendean, bestelako teoria integratzaileago batzuk nagusitu ziren, eta, eromenaren sorrera, bilakaera eta sendabideak (edota leungarriak) aztertzerakoan, eriak bere baitako nahiz inguruko munduarekiko dituen harremanak aintzat hartzen dituzte teoria horiek: psikiatria psikoanalitikoa (psikoanalisian oinarritua. ik. psikoanalisi); psikosoziologia; etnopsikiatria; antipsikiatria (psikiatria eta psikoanalisia ikuspegi soziopolitikotik eta kontrakulturaletik kritikatzen dituena: Szasz, Laing, Cooper eta Esterson. Teoria horren funtsezko oinarria terapia komunitate txikia da, krisian dagoen pertsonari leku eta laguntzaile egokiak eskaintzen dizkiona, sendabide naturala oztopatu gabe).