Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

printzipio

iz. Hastapena, oinarrizko edo funtsezko egia edo legea, frogatzen ez dena edo beste arau edo adigaien iturburu gertatzen dena. ik. oinarri. || Hasiera, hastea. || Jatorria. v Fil. Izatearen sorburua edo ezagueraren oinarria da printzipioa. Printzipio kontzeptuak bi adiera izan ditu filosofiaren historian: batetik, izatearen sorburua adierazteko erabili da; bestetik, ezagueraren oinarria edo errealitatearen arrazoia adierazteko. Izatearen printzipioak gauza guztien iturburua edo errealitatea bilatzen du, eta horretan ahalegindu ziren presokratikoak eta Greziako beste hainbat filosofo. Alabaina, beste hainbat pentsalari, iturburuak baino areago, gauzen funtsezko arrazoia bilatzen saiatu ziren. Bi joera horien harira egituratu dira zenbait filosofia pentsamendu; hala, izatearen printzipioari lehentasuna ematen dion pentsamendua errealista dela esaten da, ezagueraren oinarria errealitatearen printzipioan oinarritzen duenez; aldiz, ezagueraren printzipioari lehentasuna ematen dion pentsamendua idealista dela esaten da, errealitatearen mugak ezagueraren baitan daudela uste baitu horrek. Aristotelesek printzipio horren hainbat adiera eman zituen: gauza baten higiduraren abiapuntua; abiapunturik onena; higidura edo prozesu baten kanpoko eragilea, eta belaunaldiaren sorburua, besteak beste. Aristotelesen arabera, printzipio guztiak izatearen, sorkuntzaren, higiduraren edo ezagueren iturburu dira. Printzipioa iturburu da; horrek, ordea, ez du esan nahi abiapuntu guztiak printzipio direnik. Printzipioa banaezina da eta ezin da beste batera bihurtu. Alabaina, jakintza bateko printzipioak goi mailako beste printzipio batzuen mende egon daitezke; hala, lehen printzipioek edo axiomek beste batzuk dituzte beren baitan.