Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pragmatismo

iz. Egia irizpidetzat (ideia baten) balio praktikoa erabiltzen duen doktrina; gertakari edo gauzaki bati buruz dugun ideia haren ondorio praktikoei buruz dugun ideia besterik ez dela dioen doktrina. v Pragmatismoaren sorrera eta oinarriak. Pragmatismoa Estatu Batuetan sortu zen XX. mendearen hasieran. Charles Sanders Peircek sortu zuen dotrina, eta William Jamesek mamitu zuen. Dotrina horren arabera, egiaren ezaguerak ideien ondorio praktikoetan du oinarria; hala, erabilera, ondorio praktikoa, hartzen ditu dotrina horrek egia irizpidetzat. Kontzeptu edo ezaguera batek bizitzaren une edo egoera jakin batzuekin harremanetan jartzen du gizona eta horretan datza kontzeptu horren egia; izan ere, bizitzaren egoera horietako ondorio guztiek bilduta eratzen baitute kontzeptua. Baina gizonaren ezaguera ez da geldoa, ez da dagoen gauza edo egoera jakin baten adierazpena ematera mugatzen; ezaguerak gauza konkretuak egitera eramaten du gizona, ondorio praktikoak ateratzera. Beraz, gauzez ateratzen dituen ondorioek eta horiei ematen zaizkien erabilerek erabakitzen dute ezagueraren egia; borondateak eta fedeak ere badute eragina ekintzen aukeretan. Horrela bada, ezaguera ekintzarako tresna da. Pragmatismoak, azterketa teorikoari baino gehiago, ekintzari ematen dio garrantzia, eragiketari, ondorioak ateratzeari; hala, gizon teorikoak, bere ideiak ondorio praktikoetara bideratzen ez dituenak huts egiten du beti.