Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Poznan

(Al. Posen). Poloniako erdi-mendebaleko hiria eta izen bereko voivoderriko (8.151 km2 eta 1.328.000 biztanle) hiriburua, Warta ibaiaren ertzean, Polonia Handiko ordokiaren erdian. 588.700 biztanle. Artzapezpiku egoitza. Unibertsitatea. Poloniako mendebaleko kultura, administrazio eta industriagune nagusi bihurtu zen Poznango hiria Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Metalurgia, ehungintza, janari industria, kimika industria, larrugintza eta mekanika dira Poznango industria nagusiak. Ibai eta burdinbidegune garrantzitsua. Bigarren Mundu Gerran eraikin ugari suntsitu bazituzten ere, zutik diraute XV-XVII. mendeetako katedralak, XVI. mendeko udaletxeak eta hainbat antzeztokik. v Historia. Poloniako hiri zaharrenetako bat da, eta Poloniako hiriburua izan zen IX. mendean; han izan zen lehen apezpiku egoitza (Mieszko I.ak 968. urtean sortua). XIII. mendean gaur egun Hiri Zaharra izenaz ezagutzen den hirialdea garatu zen Warta ibaiaren ezkerraldean; hurrengo bi mendeetan Europako merkataritzagunerik garrantzitsuenetakoa izan zen Poznan. Poloniarren eta suediarren arteko gerren ondorioz (1655, 1703-1709), ordea, gainbehera etorri zen Poznango ekonomia. Prusiak bere egin zuen hiria Polonia bigarrenez zatitu zenean (1793), eta areagotu zen XIII. mendeko lehen etorkin alemaniarrek hasi zuten germaniartzea. Errusiaren administraziopean egon zen 1807-1815 artean eta Varsoviako Dukerri Handiko hiri nagusietako bat izan zen berriro ere Prusiaren mende geratu zen arte. Poloniako estatuaren administraziopean gelditu zen berriro Posnaniako eskualdearekin batera 1919an, baina alemaniarrek hartu zuten Bigarren Mundu Gerran (1939-1945); hiria suntsitu eta biztanleak deportatu edo hil egin zituzten. 1956. urteko ekainean matxinatu egin ziren Poznango langileak (50.000 inguru) hango agintari komunista eta sobietarren aldekoen kontra, eta 50 hildako eta 300 zauritu larri izan ziren gudarostearen eta manifestarien artean izandako istilu latzetan. Matxinada, ordea, zabaldu egin zen eta, haren ondorioz, aldaketa politikoak egin ahal izan ziren Polonian.