postposizio
iz. Gram. Gibel hitza, dagokion hitz edo sintagmaren ondoan ezartzen dena. v Postposizioak euskaraz, gramatika erlazioak adierazten dituztenez gero, kasu marken parekoak dira, baina kasu markak ez bezala, forma askeak dira. Forma horiek denak, edo gehientsuenak, izenak dira berez, baina posposizio direnean dagokion hitzak kasu marka aldagaitza du: Zure arazoei buruz hitz egin dugu (posposizioaren aurreko izen sintagmak beti nori kasua hartu behar du). Forma finkatuak dira beraz, eta postposizioaren eta dagokion hitzaren artean ez dute etenik onartzen. Adibidez, postposizio dira: alde (-en alde); arte (-en artetik, -en artean); bitarte (-en bitartez); esker (-i esker); gain (-en gain, -en gainean, -z gain, -z gainera); kanpo (-z kanpo) eta abar. Orobat, sail honetan sartu izan dira atze, aurre, azpi, gain, oste, ondo, goi, aitzin, gibel, alde, barne…, lekua adierazteko izenak.