poliuretano
iz. Kim. Diisozianato baten eta alkohol dihidroxiliko baten arteko kondentsazio erreakzioz lortzen den polimero termoplastikoa. Polimero lerrotu bat da. Toluendiisozianatoa etilenglikolarekin erreakzionaraziz lor daiteke adibidez; poliuretanoaren ezaugarria bere molekularen egituran -NHCOO- taldea izatea da. Polimeroa eratzeko gertatzen den erreakzio orokorra honela adieraz daiteke: R1NCO + R2OH ® R1NHCOOR2. Era askotara lortzen da: zuntz eran, apar eran, elastomero eran, etab. Denak sukoiak dira. Poliuretanozko zuntzek elastikotasun handia eta erresistentzia elektriko ona dute, eta hezegaitzak dira. Poliuretanozko aparrak malguak edo zurrunak izan daitezke, dentsitate txikia dute eta haien tasun nagusia bakartzaile onak izatea da; besaulkiak, koltxoiak, hodien bakartzaileak, tapizak etab. egiteko erabiltzen dira apar malguak, eta besaulkiak, autoen osagaiak, bakartzaileak, itsasontziak, hotza gordetzen duten kamioiak, ontziak etab. egiteko zurrunak.