Plotino
(Gr. Plotinos). Greziar filosofoa (Likopolis, Egipto, K.o. 205 - Campania, K.o. 270). Alexandrian bizi izan zen eta Amonio Sakas filosofoaren ikaslea izan zen. Gordiano enperadorea Mesopotamiara abiatu zenean persiarren aurka borrokatzera, Plotino harekin joan zen persiar eta indiar filosofia ikastera. 244an Erroman hartu zuen bizilekua eta filosofia eskola bat zabaldu zuen. Filosofiako saiakerak idatzi zituen, hil ondoren Porfirio haren jarraitzaileak Eneadak (Bederatziak) izeneko sei liburukitan bildu eta argitara eman zituenak. Neoplatonismoaren sortzailea izan zen. v Plotinoren ustez unibertsoa errealitateen edo hipostasien hierarkia bat da, izatearen kate handi bat, non gorengo mailan dagoen errealitatea beheragoko mailan dagoen guztiaren kausa den. Mailaketa honetan murrizketa bat gertatzen da; hala, existitzen den guztia bere kausa baino maila beheragoxean dago. Hierarkiaren gorengo mailan jainkozko hiru errealitate dira: Bata (Hen) edo erabateko ontasuna, Platonek ongia deitzen ziona, Adimena (Nous), Bataren azpian dagoena, eta Arima (Psykhe), Adimenetik datorrena eta denbora eta espazioa sortzen dituena. Gero Izadia (Physis) dator, biziaren hatsapena. Izadiaren azpian Materia dago. Gizakiak mikrokosmosak dira, beren baitan Materia, Izadia, Arima eta Adimena dutenak. Plotinoren ideiek eragin handia izan zuten Errenazimentuan eta Alemaniako idealismoan.