Pleiadeak
Mit. Atlas eta Pleioneren zazpi alabak. Zeusek uso bihurtu zituen Orion erraldoiarengandik salbatzeko, eta gero konstelazioen artean ezarri zituen. v Astron. Taurus konstelazioko izar multzo distiratsua, Lurretik 350 argi-urtera dagoena. Ehunka izarrek osatzen dute Pleiade izarren multzoa, baina Lurretik teleskopiorik gabe begiratuz gero sei-zazpi izar besterik ez dira ikusten. v Lit. Literaturaren historian, konstelazioaren eredura, zazpi egilek osaturiko zenbait poeta taldez esaten da. Lehen aldiz Ptolomeo II.a Filadelforen garaian (K.a. 285-246) erabili zen izen hau, zazpi poeta biltzen zituen talde bat izendatzeko. Kaltzisko Likofron, Etoliako Alexandro eta Bizantziako Homero haietarikoak bide ziren, baina gainerako taldekideen izenak eztabaidatuak dira. v Frantziako Pleiadea (La Pléiade). XVI. mendearen erdialdeko zazpi poeta frantsesek osaturiko taldea. Haietan garrantzitsuenak eta taldeko buruzagiak Pierre Ronsard eta Joachim du Bellay dira. Taldearen helburua frantsesa hizkuntza klasikoen mailara jasotzea zen, modu horretara bertako literaturaren adierazpide bilaka zedin. J. du Bellay-ren Défense et illustration de la langue française (1549) obra taldearen manifestutzat hartu ohi da; bertan adierazten denez, poetak klasikoen eta Italiako Errenazimentuko autoreen hizkuntza eta literatura formak beretu behar zituen, eta bere idazkietan frantsesezko hitz zaharrak, era dialektalak eta bertso molde berriak sartu behar zituen. Ronsard eta du Bellay-z gainera, hauek osatzen zuten taldea: J. A. de Baïf, Pontus de Tyard, R. Belleau (1554an hildako J. de La Pèruse ordezkatu zuena), J. Pelletier eta E. Jodelle (azken hau J. Dorat-ek ordezkatu zuen).