Pivot, Bernard
Frantses literatura kritikaria (Lyon, 1935). Frantziako telebistako kritikari eta aurkezle ospetsuenetakoa da. Bera izan zen Apostrophes saioaren aurkezlea, eta hari esker lortu du, hain zuzen ere, ospea. Telebistako sail horrekin zazpi milioi ikusle erakartzen zituen; irakurzaletasuna bultzatzea zen bere helburua, eta bere saioaren bidez idazleen eta irakurleen arteko ataka gainditzen saiatzen zen. Hainbesterainoko arrakasta zuen non idazle bat bere saioan agertzeak haren liburuetan izugarrizko salmenta igoera ekartzen baitzuen berarekin. Saio arina osatzen asmatu zuen, elkarrizketa aldi berean larri baina atseginak eskainiz. Ezaguna da, orobat, frantsesezko hitzei buruzko Les championnats d'ortographe lehiaketen antolatzaile gisa.