Pilsudski, Jozef
Poloniar politikaria (Zulow, Lituania, 1867 - Varsovia, 1935). Pilsudskiren independentziaren aldeko ekimenak eta ideologia sozialista zirela eta, Errusiako tsarrak etengabe esetsi zuen. Lehen Mundu Gerra hasi zenean behar-beharrezko ikusten zuen Pilsudskik indar aliatuek Errusiaren eta Alemaniaren aurkako gerran garaile irtetea Polonia aske geratuko bazen. Bere herkideekin batera Errusiaren aurka borrokatu ondoren Alemaniak eta Austriak Poloniaren independentzia onar zezatela lortu zuen 1916. urtean. 1917. urteko Errusiako iraultzak eta aliatuek Alemania eta Austria menderatzeak Polonia askatzeko aukera ekarri zuten. Poloniako estatu berriko lehendakari hautatu zuten Pilsudski 1918. urtean. Ahaleginak egin zituen Polonia Sobietar Batasuneko Gudaroste Gorriaren erasoetatik babesten. Lituaniarekin eta Ukrainarekin batera estatu federal bat osatzen ahalegindu zen, baina 1920an Gudaroste Gorriaren erasoak atzera eragin zuen. Polonian konstituzio demokratikoa onartu zenean (1922), lehendakaritza utzi zuen. Hala ere bere lagunen bitartez gobernatzen zuen, eta 1926an, ekonomiaren larriune batean, gudarostearekin Varsovian sartu zen. 1930 ondoko urteetan Hitler-ek behin eta berriro egin zion Alemaniarekin Errusiaren aurkako aliantza bat osatzeko proposamena. Hitzarmen bat sinatu zuen Alemaniarekin 10 urtez elkarri ez erasotzeko. Barne politikari dagokionez, armada osatzeari ekin zion baina albo batera utzi zuen ekonomia garapena.