Pfeiffer, Michelle
Estatubatuar antzezlea (Santa Ana, Kalifornia, 1957). Institutuan hasi zen antzerkia ikasten, eta miss lehiaketa bat irabazi ondoren Hollywoodera aldatu eta interpretazioko ikasketak egin zituen. Garaitsu hartan hasi zen film eta telesail txikietako garrantzi gutxiko zenbait paper antzezten, 1980tik aurrera. Zinemagintzan hasi eta berehala, ordea, bere edertasunak liluratu zituen hainbat zinemagile, eta 1985ean bi filmetako protagonista paperak antzeztu zituen: Gaua datorrenean eta Lady Halcon. Handik aurrera gero eta pertsonaia garrantzitsuagoak interpretatzen hasi zen, eta ederra ez ezik antzezle ona zela erakutsi zuelarik, arrakasta handia lortu zuen. 1980ko hamarraldi amaierako Hollywoodeko antzezle handienetakoa izatera iritsi zen; 1988. urtea gogoangarria izan zuen benetan: kalitate dramatiko aparta erakutsi zuen Tequila Conection, Harreman arriskutsuak (bigarren mailako antzezle onenaren Oscar saria jasotzeko izendatu zuten) eta Guztiekin ezkondua filmetako interpretazioetan. Hurrengo urtean antzezle onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Baker Boys harrigarriak filmean egindako lanari esker, eta 1993an Love field filmari esker. Pfeifferren beste zenbait film aipagarriak dira Grease 2 (1982), Askatasun gozoa (1986), Eastwickeko sorginak (1987), Inozentziaren aroa (1993) eta Mila akre (1995).