Peichl, Gustav
Austriar arkitektoa (Viena, 1928). Bere jaioterrian egin zituen lehenengo ikasketak, eta arkitekturakoak Clemens Holzmeister maisuarekin egin zituen, Wiener Akademie der bildenden Künster akademian (1946-1957); 1973az gero akademia hartako irakaslea izan zen. Ikasketak amaitzear zela (1956) Roland Rainerrentzat jardun zuen lanean, baina bere estudioa zabaldu zuen handik gutxira. Peichlen lehenengo aldiko lanen artean azpimarratzekoak dira Afrium-Chule Krim (1962-1963) eta Hackingeko moja domingotarren komentua (1965-1967). Horizontaltasuna da lan horien ezaugarri nagusietako bat, 1930eko hamarraldiko Nazioarteko Estiloaren eraginpekoa. 1965-1967 urteetan Vienan egindako Meidlingeko adimen eriak sendatzeko zentroan arrazionalismoa eta estetika brutalista erabili zituen, eta bere karreran nabarmen agertu zen mekanizismoa iragarri zuen. Bereziki azpimarratzekoa da Vienako Diesterweggassen eskola (1969-1978), osagai bereiziez osaturiko proiektu konplexu batean oinarritua eta ingurunea kontuan harturik eraikia. Nazioarteko ospea 1969an lortu zuen, Austriako Irrati-telebistako estudioekin (ORTF). Vaduzko Arte Museoan (1977) berriro ere maisutasun handiz bateratu zituen arkitektura eta ingurunea, Aflenzko irratisateliteko estazioan bezala (1976-1979). Berlin-Tegeleko fosfatoak suntsitzeko plantan (1979-1985), berriz, bikain adierazi zuen proiektu industrial batek eskatzen duen ikuspegi tekniko funtzionala eta arkitektura ahalmena, balio sinbolista handiko eraikin baten bidez. Azkenaldiko obretan testuinguruaren garrantzia azpimarratu du, adibidez Mannheimeko Teknikaren museoan (1983), Aita Santuarentzako Heldenplatzeko agertokian (1983), Wienerbergeko "Landvilla" obran (1985), etab. Peichl da higikunde modernoko artista nagusietako bat, eta arkitekto gisa ez ezik, ospe handia lortu du "Ironimus" ezizenez egindako karikatura politiko eta sozialekin.