parenkima
iz. Bot. Landareen oinarrizko ehuna, zelulosazko mintz mehea duten zelula biribil edo kubikoez osatua. Parenkimako zelulak elkarri lotuak izaten dira, eta zelula horien zitoplasmak leukoplastoak, kloropastoak, almidoiz eta janariz beteak dauden bakuolak izan ditzakete. Bakuola hauek landareari sendotasuna ematen diote. Parenkima zelulak ehun mota desberdinetan egoten dira eta era askotako betebeharrak dituzte: landareen berritze, orbantze eta elikatze (fotosintesia) prozesuetan parte hartzea, ura garraiatzea eta janariak zeluletan pilatzea. Zereginen arabera, parenkima mota hauek bereiz daitezke: 1) Elikadura edo klorofila parenkima; hostoetan eta zurtoinetan aurkitzen da, eta kloroplasto ugari duten zelulez osatua dago; kloroplasto horiek zelularen kanpoaldean daude kokatuak, mintzaren inguruan. 2) Parenkima eroalea; neurri ezberdinetako zelula lerroz osatua da, eta hostoetan, zurtoinetan eta sustraietan aurkitzen da. 3) Parenkima traumatikoa; zaurien ondorioz eratzen da. Orbaina eragiten du. 4) Janariak gordetzen dituen parenkima; zelula biribilez edo poliedro erakoz osatua da; zelula horiek handiak dira, eta hainbat gaiz betetako bakuola ugari dute zitoplasman. Gai mota hauek gorde ditzakete parenkimek: almidoia (sustrai mamitsuetan, tuberkuluetan eta errizometan pilatzen da), olioa (hazietan), airea (uretako landareen zurtoin eta hostoak ur gainean egon daitezen eraginez); ura (ingurune lehorretako landareetan).