Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pankrea

iz. Urdailaren atzealdeko digestio aparatuko guruina, urina eta hormonak isurtzen dituena; urin horiek Wirsug-en eta Santorini-ren hodien bidez iristen dira duodenora. Gizakiaren pankrea guruin gorri grisaxka da, eta hiru zati ditu: burua, duodenoak inguratua; gorputza, urdailaren atzean, zeharka, aurkitzen dena; isatsa, ezkerrean, baretik hurbil dagoena. Jarioa bi motatakoa du: endokrinoa eta exokrinoa. Guruin exokrino gisa pankrea urina deritzana isurtzen du; gatzez osatua dago bereziki, baina baditu entzima batzuk ere. Pankrea urina isurkari gardena da; pH-a 8 du eta janarietan dauden albuminen, peptidoen, koipeen eta karbono hidratoen zatiketa eragiten du. Pankrea urineko entzimak tripsina eta kimiotripsina dira; albumosei eta peptosei eraso eta peptido eta aminoazido bihurtzen dituzte; karboxipeptidasa; peptidoak aminoazidotan zatitzen ditu; pankrea amilasa; almidoiak maltosa bihurtzen ditu; pankrea lipasa; behazun gatzak bertan direlarik, triglizeridoak azido koipetsu eta glizerina bihurtzen ditu. Pankreari darion urinaren hodi nagusiak edo Wirsung-en hodiak jasotzen du eta duodenora, Vater-en papilaren parean, isurtzen du. Santorini-ren hodiak ere duodenora isurtzen du urina, Vater-en papilaren gainetik. Pankrearen isuri endokrinoa hormonaz osatua dago eta zelula multzo txiki batzuek eragiten dute. Multzo horiei Langerhans-en uharteak deitzen zaie. Uharte horiek hiru motatako zelulak dituzte: 1) Alfa zelulak (glukagoia isurtzen dutela uste da). 2) Beta zelulak; intsulina isurtzen dute. 3) Gamma zelulak; ez da ezagutzen zein zeregin duten. Intsulinak funtzio garrantzitsua du gluzidoen metabolismoan (glukosa lehengaitzat hartuz glukogenoaren sintesia errazten du giharrean eta gibelean), gluzidoak koipe bihurtzen laguntzen du eta proteinen sintesia eragiten du. Gainera, giharretako eta beste ehunetako oxidazioa bizkortzen du. Intsulina gutxiegi denean, diabetesa sortzen da. Glukagoiak, polipeptido izaerako hormona, intsulinaren eragina gutxitzen du, gibeleko glukogenesia eragiten baitu.