Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Otsagabia

Nafarroako ipar-ekialdeko udalerria (Zangozako merindadea, Zaraitzu ibarra). Ochagavía du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Iratiko mendiaren bestealdean, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herrialdeak; ekialdean, Uztarroze; mendebalean, Orbaizeta eta Jaurrieta; hegoaldean, Ezkaroze. Garaiera, 765 m. 45,04 km2 eta 680 biztanle (otsagabiarrak). Oso eskualde menditsuan dago Otsagabia (Abodi mendizerra, 1.520 m; Orhi, 2.021 m; Malgorra, 1.354 m). Udalerriaren eremuetan biltzen diren Anduña eta Zatoia errekek osatzen dute Zaraitzu ibaia, eta honek iparralde-mendebale igarotzen du Otsagabia. Bestalde, Otsagabiako herriaren ipar-ekialdean du sorburua Irati ibaiak. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Euskara, ekialdeko behe-nafarrera (zaraitzuera); euskaldunak, % 15. Abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) eta baso ustiapena dira ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 52). Aipagarriak dira XIII. mendeko Muskildako Ama Birjina santutegia, Erdi Aroko San Joan Ebanjelariaren eliza (XVI, XVII eta XVIII. mendeetan eraberritua), Anduña ibaiaren gaineko harrizko zubi zaharra, XVI. mendeko harrizko gurutze platereskoa eta XVIII. mendeko etxe armarridunak. Udalerriaren eremuan dago Irabiako urtegia.  v Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Otsagabiako herria, Osxagauia eta Oxssagauia izenez. XVIII. mendearen bukaeran suntsitua gertatu zen Konbentzioko gerraren ondorioz. Independentziako gerra garaian ere (1808-1814) kalte handiak jasan zituzten otsagabiarrek.