Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ontziola

iz. Itsasontziak egiten eta konpontzen diren lantegia.  v  Hist. XVI-XVII. mendeetan, Atlantikoa igarotzeko bidaiak hasi zirenean, ontzigintzak bultzada handia izan zuen. Merkataritzarako ontzien beharra kolonien garaian areagotu zen. Garai hartan bela ontziak haritza-zurez egiten ziren. XIX. mendean burdina eta altzairua erabiltzen hasi ziren ontzioletan, eta lurrunontziek oihal ontzien lekua hartu zuten. Ontzigintza industriaren alor nagusi bihurtu zen.  v  Euskal Herriko kostaldean, ontzigintza garrantzi handiko langintza izan da antzinatik. Ontziak egiteko erabiltzen ziren gaiak Euskal Herrikoak bertakoak ziren: egurra, lihoa, eta burdina, batik bat. XV-XVII. mendeetan egin ziren ontzi gehienak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. XVII. mendean merkataritzarako baino, gerrarako egokiagoak ziren ontziak egin ziren batez ere. Bestalde, balearen arrantzarako ere ontzi asko egin zen. XVIII. mendean ontzigintzak beherakada nabaria izan zuen Euskal Herrian. XIX. mendean, berriz, Bizkaiko ontziolek berebiziko garrantzia hartu zuten. XX. mendean Euskalduna eta Sociedad Española de Construcción Naval-en ontziola handiak sortu ziren Bizkaian, eta beste enpresa txiki asko haien inguruan. XX. mendean ontzigintza langintza nagusia izan da, eta eragin handia izan du Euskal Herriko burdingintzan. Nolanahi ere, XX. mendearen azken urteetan, Euskal Herriko industriak eta, batez ere, ontzigintzarekin lotura handia duen altzairugintzak izan zituen aldaketen eta egokitzapenen ondorioz, ontziola asko itxi egin dira, produkzioak beherakada handia izan du eta lanpostu asko galdu dira.