Ono, Yoko
Estatubatuar artista eta musikaria (Tokio, 1933). Oso ospetsua The Beatles taldeko musikari John Lennonekin ezkondu zenez geroztik (1969). Bikotea elkarrekin aritu zen musikagintzan eta bakearen alde lan egiten Lennonen heriotza arte (1980). Yoko Ono familia aberats batean hazi eta hezi zen (aita Japoniako Bankuko burua zen). Unibertsitate ikasle zela, Estatu Batuetara joan zen bizitzera gurasoekin. Han New Yorkeko abangoardiak ezagutu zituen bere lehen senarraren bitartez, Toshi Ichiyanagi musikariaren bitartez alegia, eta 1960ko hamarraldian Fluxus higikundean parte hartu zuen. Bere arte emanaldiek ikuslearen esku hartzea eskatzen zuten sarritan. Apple erakustaldian, adibidez, zutoin bat zegoen, eta bertan sagar bat, jendeak hozka egin zezan. Cut izeneko erakustaldian, berriz, Ono ezkontza soineko bat jantzita agertzen zen, eta ikusleek soinekoko zati txikiak mozten zizkioten erabat biluzik utzi arte. Antzeko ideiei buruzko liburu bat argitaratu zuen 1964an: Grapefruit (Mahatsa). Zinemagile gisa ere zenbait lan egin zituen: Bottoms (1966); Fly (1971). 1960ko hamarraldiaren bukaeran bere bigarren senarrarengandik bereizi zen Lennonekin ezkontzeko. Harrezkero, hain ospetsua izanik, ezin izan zuen bere arte lanak egiten jarraitu, baina, bestalde, hedabideen laguntza izan zuen berak eta Lennonek babesten zituzten kausak mundu osora zabaltzeko, hala nola Lennonekin ohean agertu zenean, Torontoko hotel batean, bakearen aldeko kanpaina batean. The Beatles taldea 1970ean desegin zen eta batzuen ustez Ono izan zen hausturaren eragilea. Ordurako Ono eta Lennonek zenbait disko kaleratuak zituzten (1968, Two Virgins). Onoren bakarko lanetako bi Approximately Infinite Universe eta Feeling the Space dira, biak 1973koak. Bere musika lanetan tresna elektrikoak, eguneroko hotsak eta garrasi antzeko kantatzeko modua erabiltzen zituen. 1980an Double Fantasy diskoa grabatu zuen Lennonekin batera. Lennonen hilketaren ondoren zenbait omenalditan parte hartu zuen eta argitaratu gabeko materialaren argitalpena gainbegiratu zuen. Arte Modernoko Whitney Museoak Onoren arte lanen atzera begirako erakusketa antolatu zuen 1989an. 1994an New York Rock rock opera estreinatu zuen New Yorken.