Onetti, Juan Carlos
Uruguaiko idazlea (Montevideo, 1909 - Madril, 1994). Buenos Airesko unibertsitatean egin zituen ikasketak; hainbat lanbidetan jardun zuen idazten hasi aurretik. Reuter albiste agentziarako lan egin zuen; Uruguaiko Marcha eta Argentinako Vea y lea aldizkarietan idatzi zuen. 1957an Montevideoko udal liburutegietako zuzendari izendatu zuten. 1963an Uruguaiko Literatura Sari Nazionala eman zioten. Buenos Airesen eta Montevideon bizi izan zen, baina 1974an espetxean sartu zuten eta 1975ean Espainiara erbesteratu zen. 1980an Espainiako Cervantes saria jaso zuen. v Onettik eleberriak eta ipuinak idatzi zituen; Faulkner-en, Célineren, Joyceren eta Arlt-en eragina izan zuen. Bere liburuetan haien fikziozko mundu bera landu zuen: Santa María herria eta Malabia, Brausen, Larsen, Díaz Grey pertsonaiak; mundu itxi mitikoa, ankerkeriaz, zinismoz eta sarkasmoz adierazia eta amaigabeko bilakaeran dagoena. Onettik berak esan zuen gizakiaren abentura besterik ez duela adierazi nahi izan. Idazlan nagusiak: El pozo (1939, Putzua), Tierra de nadie (1941, Inorena ez den lurra), Para esta noche (1943, Gau honetarako), La vida breve (1950, Bizitza laburra), Los adioses (1954, Agurrak), El astillero (1961, Ontziola), Juntacadáveres (1964), Dejemos hablar al viento (1979, Utz diezaiogun haizeari hizketan), Cuando entonces (1987).