Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

omeiatar

iz. eta izlag. Mu’awiyya I.ak (661-680) sortu zuen kalifen dinastiaz esaten da. Omeiatarrak merkatari familia batetik zetozen, eta Mahomari eta haren jarraitzailei lagundu zieten. Musulmanen arteko lehen gerra zibilaren ondoren (656-661), Mu’awyya-k kalifa (Mahomaren ondorengo) titulua hartu zuen. Omeiatarrek 750. urtea arte iraun zuten aginpidean. Damaskon jarri zuten hiriburua eta handik Islama hedatzeari ekin zioten; hala, ekialdetik Indiako iparralderaino iritsi ziren eta mendebaletik, Afrikako iparraldean barrena, Iberiar Penintsularaino. Hasieran omeiatarrak bizantziarren eta persiarren administrazio egiturez baliatu ziren konkistatu zituzten lurraldeak gobernatzeko, baina Abd al Malik-en (685-705) erregealdian arabiar kultura errotu zen inperioan; arabiera bihurtu zen hizkuntza ofizial eta arabiar funtzionarioek hartu zuten greziarren eta persiarren lekua. Kaliferriaren gainbehera 717. urtean hasi zen, bizantziarrek Kalifaren gudarostea menderatu zutenean. Horrez gainera, barneko gatazkak areagotu ziren garai hartan, batetik, xiitak aginpidea eskuratu nahian ari baitziren eta, bestetik, mendean hartutako herriak matxinatzen hasi baitziren. Hisham-en erregealdian (724-743), Sirian matxinada bat sortu baitzen, hiriburua Rusafaran jarri zuten. 749an Abbasiek kalifa dinastia berri bat fundatu zuten Kufa-n eta 750ean azken omeiatar kalifa menderatu ondoren, bere familia guztiarekin hil zuten. Hishamen biloba, Abd al Rahman, baino ez zen bizirik irten, eta Magreb-era ihes egin zuen babes bila.  v Kordobako omeiatar kaliferria. Adb al Rahman Iberiar Penintsulara iritsi zen bere jarraitzaileekin; Kordoba konkistatu zuen 756. urtean eta emir egin zen. Haren ondorengoek, ordea, etengabe borrokatu behar izan zuten arabiarren eta bereberren buruzagien aurka, Iberiar Penintsulako zenbait hiritan behin eta berriro matxinatu baitziren. Alabaina, Abd al Rahman III.ak (912-961) matxinatuak menderatu, lurralde guztia bateratu eta kalifa egin zen. Bera eta haren seme Al Hakam (961-976) agintari izan ziren garaian, iritsi zuen Al Andalusko kaliferriak bere goren maila, hala ekonomian nola kulturan. Hisam II.a kalifaren erregealdian (976-1013), agintaritza eskuratzeko omeiatarren artean borrokak hasi ziren. Azkenean, 1031. urtean kaliferria desegin zen eta Al Andalusko lurraldea taifen erreinuetan banatuta geratu zen.  v Omeiatar artea. Omeiatarrek hiriburua Damaskon ezarri zutenean, hango arte joerak bereganatu zituzten. Arkitektura izan zen arte alor nagusia omeiatarren artean. Siriarren, koptoen eta bizantziarren joerei jarraitu zieten, batez ere. Omeiatar artearen emaitzak dira ‘Amr en al-Fustat (642) mezkita; ‘Umar (691) mezkita Jerusalemen; al-Aqsà (702) Jerusalemen, eta Damaskoko mezkita nagusia (707). Artearen beste alderdietan, bizitu ziren herrietako joera nagusiak jarraitu zituzten omeiatarrek.