Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oman

(Izen ofiziala, Omango Sultanerria; Arab., Saltanat ‘Uman). Asiako mendebaldeko estatua, Ekialde Hurbilean, Arabiako penintsularen hego-ekialdean. 300.000 km2 eta 3.001.583 biztanle (2005, omandarrak). Mugak: iparraldean Omango golkoa; ekialdean eta hegoaldean Arabiako Itsasoa; hego-mendebaldean Yemen; mendebaldean, Saudi Arabia; ipar-mendebaldean Arabiar Emirerri Batuak. Hiriburua: Maskat (646.027 biztanle, 2005). Hiri nagusiak: Nizwa, Sama’il, Salalah. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Etniak: arabiarrak (% 73,5); pakistandarrak (% 18,7); besteak % 1,8. Erlijioak: musulmanak (% 86, batez ere ibadhi musulmanak), hinduistak (% 13). Dirua: rial-a. Orografia eta hidrografia. Omango ia lurralde osoa basamortu zelaia da. Iparraldean, Omango golkoaren parez pare, Hajar mendiak daude (3.017 m), basamortua eta 32 km zabal den itsasbazterra bereizten dituztenak. Basamortuaren hego-mendebaleko muturrean, Qara mendiak daude (1.463 m), Zufar izeneko eskualdean. Euria egiten duen alditan uadi edo ur-lasterrak sortzen dira, mendietatik oasietaraino lurpean zehar doazenak.  v  Klima eta landaredia. Omango klima basamortukoa da, beroa eta idorra. Kostaldeko eta mendialdeko klima, ostera, samurragoa da, hezeagoa. Kostaldean 36 °C eta gehiagoko beroa izaten da udan, eta neguan, berriz, 17 °C ingurukoa da tenperaturarik hotzena. Urtean 100 mm euri izaten da. Iparraldeko itsasbazterrean datilondo sailak landatu dira. Mendialdean eta basamortuan oasiak dira han-hemenka.  v  Biztanleak. Omango biztanleei dagokienez, azpimarratzekoa da herrialdearen gaztetasuna, 0-14 urte bitartean baitago biztanle guztien % 41, eta 15-57 bitartean % 57. Bestalde, biztanle kopuruaren hazkundea oso handia da, % 3,45koa 1999rako aurreikuspenen arabera, emakumeko 6 haur. Oro har, osasun baldintzak oso kaskarrak dira, eta haurren heriotza tasa oso handia da (1000 haurretik 15 hiltzen ziren jaioberritan 1996an). Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa, balutxia, urduera eta zenbait dialekto indiar ere erabiltzen dira. Biztanleen % 90 inguru nekazari herri txikietan bizi da.  v  Ekonomia. Omanek baliabide natural aberatsak ditu petrolio, kobre, gas natural eta asbestotan batez ere, eta gaur egun Omango ekonomiak lotura estua du petrolioaren industriarekin. Estatuaren diru sarreren % 80 inguru hartzen du petrolioak, esportazioen % 90 eta barne produktu gordinaren % 40. Dena dela, gaur egungo ekoizpena mantenduz gero, hogei urtean agortuta egongo dira bertako erreserbak. Nekazaritza bertako beharrak asetzera bideratua da, lurra ez baita oso oparoa eta ureztatu beharra baitu, eta, oro har, inportatutako elikagaien beharra dute; fruta da Omanen lantzen den nekazaritzako gai nagusia (lima, mangoa, banana), eta datilak esportatzen dituzte. Biztanleen % 70 inguruk dihardu nekazaritzan. Gobernua inbertsio pribatuak, Oman bertakoak zein atzerrikoak, bultzatzeko ahaleginak egiten ari da. 1998-1999 urteetan kalte handiak eragin ditu ekonomian petrolioaren prezioaren beherakadak. Azpimarratzekoa da, azkenik, Persiako Golkoko gerraren ondoren gastu militarrak asko igo zirela, eta horrela, 1995ean esaterako, gastu publikoaren % 36,5 hartu zuten, eta gastu sozialak berriz % 26,3ra jaitsi ziren.  v  Gobernua eta administrazioa. Oman sultanerri bat da, sultan baten aginpidean dagoen lurraldea. Monarkia absolutista motako erregimena du, beraz, eta tradizioz sultanak izan ditu bere esku aginpide guztiak. Herrialdea gobernatzeko Aholkularitza Kontseilu baten laguntza du, berak hautaturiko kideez osatua. Ez da konstituziorik ez alderdi politikorik, baina 1996an oinarrizko legedi berri bat eman zuen sultanak, zeinaren arabera zehaztu baitziren, besteak beste, sultanaren ondorengotza, sultanaren eta kontseiluaren zereginak, Omango hiritarren oinarrizko askatasun zibilen babesa, etab.  v  Historia. 1508an portugaldarrak Maskat hartu eta kostaldean finkatu ziren, baina Omango Ya‘ariba dinastiak Maskat askatu (1650) eta portugaldarrak Persiako eta Afrikako ekialdeko kostaldetik egotzi zituen, Zanzibar eta portugaldarrei hartutako lurraldeak hartzen zituen inperio zabal bat eratuz. XVIII. mendean gerra zibilak izan ziren, eta Persiak, egoera horretaz baliatuz, lurraldea hartu zuen. 1744. urte inguruan, Ahmad ibn Sa‘id, Suhar-eko gobernariak persiarrak egotzi zituen eta, hala, iman izendatu zuten. Harrezkero, Omango aginpidea Sa‘id dinastiaren eskuetan izan da, eta sultanak dira agintariak. Garai batean Omango sultanerriaren hiriburua Zanzibar-en izan zen. Geroago Omango inperioa bi semeren artean banatu zen: bati Zanzibar eta besteari Oman egokitu zitzaien. XIX. mendetik aurrera Omango politika eta ekonomia Britainia Handiaren eraginpean egon zen. Halaber, liskarrak izan ziren Omango leinuen eta aginpidean zegoen dinastiaren artean, leinuak agintaritza, sultanari ordez, imanari zegokiolakoan baitzeuden. 1951n, Britainia Handiaren eta Omanen arteko adiskidetasun hitzarmen baten bidez, sultanerriaren askatasun osoa onartu zen. 1964an Zufar eskualdearen askatasuna aldarrikatzen zuten leinuak, Jemen-en laguntzaz, Omanen Askapenerako Frontea gerrilla sortu eta burujabetasunaren alde borrokatu ziren.  v  Said ben Taimur sultana bere seme Qabus ibn Saidek kendu zuen kargutik estatu kolpe batean 1970ean. Gaur egun Qabus ibn Said dago oraindik agintean, baina urte hauetan gero eta gehiago aldenduz joan da aitaren politika tradizionalistatik; horrela, berrikuntza asko egin ditu bai politikan eta bai ekonomian. Demokrazia finkatzeko urrats batzuk egin ditu, adibidez Aholkularitza Biltzarra sortu zuen 1981ean eta Aholkularitza Kontseiluak hartu zuen haren lekua 1991n (emakumeak onartzen dira kontseilu horretan 1995az gero); ekonomian herrialdea modernizatzeko ahaleginak egin ditu, atzerriko inbertsioak erakarriz eta, azken urteotan, atzerriko dibisen sarrerari ezartzen zitzaizkion hainbat oztopo desagerraraziz; berak eman dio Omani lehenengo konstituzioa edo oinarrizko legedia 1996an, etab. Qabus ibn Saidek, Yemengo Herri Errepublikaren laguntzaz, Zufarren askatasuna aldarrikatzen zuen Omango Askapenerako Fronteari aurre egin behar izan zion bere agintaldiaren lehen urteetan, 1970-1979 urte bitartean batez ere. Irango gudarostearen laguntza eskatu zuen gerrilla deuseztatzeko, eta 1982an Yemenek eta Omanek elkar ezagutu zutelarik egoera bere onera etorri zen. 1980an, Sobietar Batasuna bere eragina areagotzen ari zela ikusirik, hitzarmen bat sinatu zuen Estatu Batuekin eta laguntza militarra jaso zuen haiengandik, Omanen base militarrak ezartzeko baimenaren truke. 1991. urtean Golkoko gerran Iraken kontrako aliantza militarrean parte hartu zuen. Golkoko krisiaren eraginez petrolio ekoizpena igo egin zen, eta horrekin batera petrolioaren prezioa igo izanak 1980ko hamarraldiko krisi ekonomikoari aurre egiteko aukera eman zion zion Omani. 1992an Yemenekiko mugak zehazteko itun bat sinatu zen, eta 1997an sartu zen indarrean. 1994an Israelekin adiskidetzeko prozesua abian jarri zen, eta 1997an herrialde harekin harreman diplomatikoak hasi zituen arren, bertan behera gelditu ziren, Israelgo agintari Benjamin Netanjahuk Palestinako auzian egindako politika eta Saudi Arabiaren presioa zirela-eta. 1998an, azkenik, eta konstituzioaren ondorioz, Estatu Kontseilu bat finkatu zen legegintzako zereginak aurrera eramateko, eta Aholkularitza Kontseiluari Senatuaren gisako zereginak eman zitzaizkion; bi erakundeok Omango Kontseiluan biltzen dira. Urte hartan sortu zen, orobat, Epaitegi Gorena. 2002an Qabus sultanak boto eskubidea 21 urtetik gorako herritar guztiei ematea erabaki zuen. Ordu arte talde hautatu batek (tokiko agintariak, intelektualak eta enpresaburuak) baino ez zuen botoa emateko eskubidea. Langabezia murrizteko helburuarekin, gobernua saiatu zen atzerriko langileen ordez bertako langileak jartzen eta sektore pribatua sustatzen, izan ere, iturri ofizialen arabera, Omango biztanleen laurdena atzerritarrak ziren. 2003an egin ziren lehenengo hauteskunde unibertsalak 21 urtetik gorako herritar guztientzat, eta emakume batek lortu zuen ministro kargu bat lehenengo aldiz Omanen. 2005ean 31 lagun 1 eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten, gobernua armen bitartez kentzen ahalegindu izanaren salaketapean. Handik hilabetera, ordea, barkatu egin zieten zigorra.
http://www.omanet.om/