oilo
iz. Etxeko hegazti emea, hegan egiten ez duena, moko sendoa, gandor gorria eta luma ederrak dituena (Gallus gallus). || (Gizon) koldarra edo beldurtia. || Oilo(-)salda. Gaur bazkaltzeko oilo salda ederra. v Etxeko oiloa (Gallus gallus). Etxeko hegazti emea, hegan egiten ez duena, moko sendoa, gandor gorria eta luma ederrak dituena. Orain dela 5.000 urte inguru etxekotu zen. Indian eta Birmanian bizi den bankiba basoilotik datorrela uste da, Indiakoak baitira oilo etxekotua aipatzen duten idatzirik zaharrenak, eta zabaldu ere handik zabaldu zen Persiara, Mesopotamiara eta handik erromatarren bidez Europara. Mundu guztian zabaldua dago gaur. Artoa, garia eta beste hainbat labore-hazi janez elikatzen da. 21 egun behar izaten ditu txitoak arrautzatik ateratzeko; eta handik hiru hilabetera gai izaten da arrautzak erruten hasteko. Garrantzi handia du gizonaren elikaduran, jateko onak baitira haren haragia eta egiten dituen arrautzak. Oilategi handietan hazten da gaur leku askotan. Oilo aldaera berriak ere sortu dira eskaeren arabera. Libornoko zuria, Leghorn-eko zuri gorria eta Wyandotte-koa dira erruleetan ezagunenak; Islandiakoa, Plymouth-ekoa eta Hampshire-koa aldiz haragitarakorik ezagunenak. v Bankibako oiloa (Gallus bankiva). 70 cm inguru luzea eta basoiloetan etxekoaren antzik handiena duena. Asia hego-ekialdeko basoetan bizi da. Belar gaiak eta intsektuak jaten ditu. v Oilo tantatua edo Gineako oiloa (Numida meleagris). Neurriz 60 cm inguru luzea eta kolorez zuri-beltz tantatua dena. Berez Afrikakoa da, baina Europako oilategietan aspaldidanik dago sartua, eta gaur mundu guztian hazten dute. Landare gaiak eta intsektuak jaten ditu. v Oilo loka. Oiloez eta hegazti emeez mintzatuz, arrautzen gainean jarririk txitatzen ari dena.