ogi
iz. Gari irinez, urez eta gatzez osaturiko orea, legamiaz jaikiaz eta labean erreaz, egiten den jangaia. ◊ Ore horretatik labean sartzen den zati bakoitza, forma jakina duena. || Hed. Garagarrezko ogia, garagar-ogia: garagar-irinez egina. || (Elikaduraren sinbolo gisa). Neure lanetik atera behar dut ene eta haurren ogia. Emaiguzu gaur gure eguneroko ogia. || Batez ere Ipar. Garia. || Ogi-zuhaitz. Tropikoetako zuhaitza, fruituak gai irintsu bat daukana (Artocarpus communis). v Neolitoan, orain dela 12.000 urte, gizonak bazekien ogia egiten; horretarako bihia birrindu eta uraz nahasten zen orea osatu arte eta, ondoren, harri gorietan zabaltzen eta errauts beroaz estaltzen zuen orea erre zedin. Agi denez, egiptoarrek eta inguruko herriek erabili zuten lehenik legamia ogia egiteko. Ondoren, greziarrek hobekuntza batzuk egin zituzten okintzan, eta erromatarrek Italiatik Erromatar Inperio osora zabaldu zuten. XX. mendea arte ogia etxeko labean erre ohi zen, eta egiten erraza eta merkea denez, ahogozo onekoa denez, eta gizakiarentzat onuragarriak diren elikagai asko dituenez, oinarrizko jangaia izan da antzinatik. Ogi mota asko dira, egiteko moduaren arabera: ogia egiteko zer labore mota erabiltzen den (garia, oloa, garagarra edo zekalea), bihia osorik edo zahi gabe erabiltzen den, nahastura urez edo esnez osatzen den, eta oreari beste gairen bat (gatza, mahatspasak…) gehitzen zaion. Okintzan, funtsean, hiru aldi bereizten dira: orea osatzea, orea legamiaz harrotzea eta labean erretzea. Ogi orea irina eta ura nahastuz osatzen da, eta nahastura horri gatza eta, ore biguna osatzeko, gantza edo olioa gehitzen zaizkio. Irinaz eta urez bakarrik osatutako orea labean errez gero opil zapal gogor bihurtuko litzateke. Hori dela eta, legamia ere gehitzen zaio oreari. Ondoren gai horiek guztiak ongi nahastu eta oratu behar dira nahastura egoki bat lortu arte. Legamiaren hartziduran sortzen den karbono anhidridoak orea harrotzen du. Gero ore harrotua zatitu eta labean erretzen da. Labean ura galtzen eta karbono hidratoak dextrina bilakatzen direnez, orearen gainazala gogortzen da, barnealdea bigun, heze eta harro gelditzen dela.