obogenesi
iz. Biol. Sexu zelula femeninoak obulu heldu bihurtzeko jasan behar dituen aldaketa multzoa. Aldaketa horiek hainbat alditan gertatzen dira. Lehen aldian obogoniak mitosi bidez ugaltzen dira. Ondoren, hazkunde aldi luzea hasten da, eta obogoniak lehen mailako obozito bihurtzen dira; zelula hauek oso zelula handiak dira, arrautza helduaren neurrikoak, eta elikagai asko dituzte. Aldi honen eta hurrengoaren artean atsedenaldi bat izaten da. Atsedenaldiaren ondoren, heltze aldia hasten da; bertan bi zatiketa gertatzen dira. Lehenengoan, lehen mailako obozitoak bi zelula desberdin eratzen ditu: bigarren mailako obozito bat eta zelula txiki bat (lehenengo gorpuzki polarra); azken hau endurtu egiten da geroago. Bigarren mitosian bigarren mailako obozitoak obulu bat eta beste zelula txiki bat eratzen ditu (2. gorpuzki polarra); azken hau, aurrekoa bezala, endurtu egiten da. Heltze aldi honetan eratu den obuluaknkromosoma ditu (dotazio haploidea). Obogenesiak antz handia du espermatogenesiarekin, baina lehenean obogonia bakoitzak obulu bakar bat eratzen du, eta espermatogonia bakoitzak berriz 4 espermatozoide eratzen ditu.