Ñuflo de Cháves
Espainiar konkistatzailea (Trujillo, 1518-Charcas, 1568). 1542. urtean Paraguaira iritsi zen Alvar Núñez Cabeza de Vaca-ren espedizioarekin. Bi urte geroago, Río de la Plata probintziaren gobernadore izateko Domingo Martínez de Irala eta Cabeza de Vacaren arteko gatazka hasi zenean, Chaves Iralaren alde azaldu zen. Harek aginpidea lortu zuen eta 1547an Chaves iparraldera joan zen zilar bila gobernadore berriaren laguntzaz. Hurrengo urtean Iralak Pedro de la Gasca-ri laguntza eskaini zion Limako istiluetan Pizarroren aurka borrokatzeko. Cháves joan zen lau espainiar eta ehun indiarrekin, baina Limara iritsi zirenenan Pizarro hila zen. Chavesek Iralarentzat eskatu zuen gobernadore izendapena, baina Gascak ez zuen onartu eta Diego de Sanabriari eman zion aginpidea. 1558an, Irala hil ondoren, Chaves iparraldeko luraldeetara joan zen Mendoza gobernadorearen aginduz, Xaraye mendietan hiri bat sortzera. 158 espainiar eta 23 itsasontzi hartu zituen horretarako, baina bere benetako asmoa gobernazio burujabea sortzea zen. 1559an Nueva Asunción sortu zuen, Guapai ibaiaren ertzean, baina laster hasi ziren lurraldea kolonizatzeko eskubideak zirela-eta tira-birak Andés Manso eta Chavesen artean. Arazo hura konpontzeko Chaves Limara joan zen. Han erregeordeak bere seme García de Mendoza lurralde hartako gobernadore izendatu zuen, eta Chaves berriz gobernadoreordeko. 1561. urtean, Guapai aldera itzuli zenean, Santa Cruz de la Sierra sortu zuen Chiquitos mendietan. Indiarrek hil zuten Asunciónerako bidean.