Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

nylon

iz. Kim. Poliamidez osaturiko edozein plastikozko gai sintetiko. Poliamida horiek molekula astunez osaturik daude, pisu molekular handikoz alegia, eta zuntz egitura izaten dute maizenik, proteinek dutenaren antzekoa. 1930. urte inguruan asmatu zuen nylona Estatu Batuetako kimikari talde batek. Izadian (airean, uretan, petrolioan zein ikatzean) diren baliabideak erabiliz, sintesi kimikoaren bidez erraz lor zitezkeen zuntz sintetikoak. Polimeroez egindako ikerketak areagotu ziren, eta berehala sortu zen produktu sintetiko horien multzo handi bat. Nylon mota arruntena nylon 6,6-a da; izen hori hartzen du, nylon mota horren sintesia lortzeko erabiltzen diren osagaiek, azido adipikoak eta hexametileneadiaminak alegia, seina karbono atomo dituztelako. Kaprolaktamoaz egindako nylona ere sarri erabiltzen da. Gai horrek sei karbono atomo dituenez nylon mota horrek nylon 6 izena du. Nylona erraz urtzen da, eta urtua erraz lan daiteke zuntz edo bestelako egiturak emateko, molderen baten itxura esate baterako. Nylon urtua hozten denean, gogortu eta malgutu egiten da; hori dela eta asko erabiltzen da, besteak beste, sokak egiteko, ehungintzan eta baita jantzigintzan ere.