Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nigeria

(Izen ofiziala, Nigeriako Errepublika Federala; Ing., Federal Republic of Nigeria). Afrikako mendebaldeko estatua, Gineako golkoan. 923.770 km2 eta 133.881.703 biztanle (2004, nigeriarrak). Mugak: iparraldean, Niger; ekialdean, Txad eta Kamerun; hegoaldean, Ozeano Atlantikoa; mendebaldean, Benin. Hiriburua: Abuja (405.000 biztanle, abujarrak). Hizkuntza: ingelesa (ofiziala), hausa, igboera, jorubera… Etniak: hausak, jorubak, igboak, fulaniak, ibibioak, kanuriak, edoak, tivak, ijawak, burak, nupeak… Erlijioa: musulmanak % 50, kristauak % 40, afrikar sektak % 10. Dirua: naira. v  Orografia eta hidrografia. Nigeriako lurraldea 600-1.200 m bitarteko goi-ordokiez eta horien artean dauden ibai-arro zabal zelaiez osatua dago. Itsasaldean, Niger ibaiaren deltaren alde banatara, Beningo eta Biafrako golkoak daude, Gineako golkoan. Hegoaldea, itsasbazterretik 400 bat km-ra dagoen Niger eta Benue ibaien elkarguneraino, ordoki zabal bat da. Lurraldearen erdialdean, Niger eta Benue ibaien elkargunetik iparraldera, Jos-eko goi-ordokia nabarmentzen da (batez besteko garaiera: 1.280 m; Shere, 1.781 m), ura Ozeano Atlantikora eta Txad aintzirara isurtzen duten ibaien banalerroa osatzen duena, eta iparraldera joan ahala, apalduz doana Hausa herrialdeko goi-ordoki zabaleraino. Ipar-ekialdean, berriz, Bornu-ko goi-ordokia dago. Bornu-ko eta Jos-eko goi-ordokiek labazko gainazala eta, tarteka, itzalitako sumendiak dituzte. Bestalde, Benue ibaitik ekialdera, Kamerunekin muga eratuz, Nigeriako mendi garaienak daude (Vogel, 2.040 m), eta hego-mendebalean, Niger ibaitik mendebalera, Yoruba herrialdean, beste goi-ordoki bat dago.  v  Nigeriako ibai nagusiak Niger (4.200 km luze da guztira) eta Benue, Nigerren adar nagusia, dira. Nigerrek Gineako golkoan isurtzen du ura, 25.000 km2-ko delta batean; Niger ibaiaren ura Kainji-ko urtegian biltzen da, Afrikako aintzira artifizial handienetako batean. Ibai horiez gainera, aipatzekoak dira Sokoto, Kaduna eta Gongola ibai adarrak. Bestalde, lurraldearen ipar-ekialdean Txad aintzira da.  v  Lurraldea. Ibai sare zabal batek hartzen du herrialde osoa: Niger eta honen adar bat, Benue, dira ibai nagusiak. Iparraldea, Sahararen haize idorraren eraginpean, lehorragoa da; goi-ordokiak eta sabanak ditu, eta kotoia eta kakahueteak egiten dira esportatzeko. Erdiko ordokietan ere sabana da nagusi; jende gutxi bizi da. Hegoaldea, beheragoa eta askoz hezeagoa, oihan sarriak estaltzen du, eta bertan bizi dira biztanle gehienak; besteak beste, kakaoa eta palma olioduna egiten dira. Niger ibaiaren delta erraldoiak bi aldetan banatzen du kostaldea. Ekialdean, Port Harcourt inguruan, petrolio putzuak daude, eta bertako gizatalde nagusia igbo etnia da, kristautua. Alde hori da Biafrako errepublika burujabea izateko borrokatu zen eskualdea. Mendebaldean, Lagos eta Ibadan inguruan, industria da ekonomia jarduera inportanteena, eta jorubak, berriz, gizatalde nagusia, musulmana neurri handi batean. Nigeriak dagoeneko basoen % 75 galdu ditu.  v  Biztanleak. Nigeria Afrikako herrialde jendetsuena da. Ehun milioitik gora biztanle ditu, eta gaur egungo hazkunde tasari eutsiz gero (% 3), 2015. urtean 190 milioi izatea espero da. Izan ere, Nigeriak oso jaiotza tasa handia du oraindik (6 seme-alaba) eta heriotza tasa pixka bat jaitsi da. XXI. mendearen hasieran nigeriarren bizi itxaropena 52 urtekoa da. Etnia ugari bizi dira Nigerian, 250tik gora, baina lau talde nagusitik datoz gehienak: hausak eta fulaniak nagusi dira iparraldean; jorubak hego-mendebaldean; eta igboak hego-ekialdean. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina eskualde bakoitzak eta etnia bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du. Iparraldeak harreman estua izan du betidanik Sahararekin eta, hori dela-eta, musulmanak dira gehienak; hego-ekialdean kristauak dira, eta hego-mendebaldean kristauak, musulmanak eta afrikar erlijio tradizionalen jarraitzaileak. Biztanle gehienak herrietan bizi dira (biztanleen % 35 baizik ez da bizi hirietan), baina demografia hazkunde handiaren ondorioz, landa lurra agortzen ari da eta jendea hirietara joaten. Biztanle dentsitatea ez da berdina alde guztietan. Erdialdea (nupe eta tiva etnien bizilekua) da jende gutxien bizi dena, eta hego-ekialdea (igboak), ipar-mendebaldea (hausak) eta hego-mendebaldea (jorubak), berriz, lekurik jendetsuenak. Hiri nagusiak hego-mendebaldean daude. Horietatik inportanteena Lagos da, hiriburu historikoa; jorubek sortu zuten XVII. mendean, portu gisa, eta esklabo salerosketaren bidez Afrikako hiri nagusietako bat bilakatu zen. Gaur egun milioitik gora biztanle ditu eta Nigeriako hiri industrializatuena da. Joruben beste hiri inportanteak Ibadan (1.295.000 biztanle), Ogbomosho (660.000 biztanle), Ojo eta Ilorin dira. Niger deltaren ekialdean Port Harcourt da hiri nagusia, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da petrolio salerosketari esker. Iparraldean Nigeriako hiririk zaharrenak daude, Kano (700.000 biztanle), Zaria, Kaduna eta Sokoto. Ipar-ekialdean Maiduguri dago, Txad aintziraren ondoan; eta erdialdean, Abuja, herrialdeko kapital federala 1975az geroztik.  v  Ekonomia. Nigeriako aberastasun iturri nagusia nekazaritza izan da 1970-1980 urteak arte. Handik aurrera petrolioak hartu zuen nagusitasuna. Ordu arte, nekazaritzak esportazioen % 60 hartzen zuen, baina krisian sartu zen gobernuaren politika ekonomikoaren erruz, eta erabiliaren erabiliaz eta presio demografiko etengabearengatik, lurra pobretuz joan zelako. Garai batean zur produkzioa handia izan zen, baina gaur egun ez da hainbeste, gehiegi moztu baita, landa lurrak lortzearren. Afrikako beste herrialde askok bezala, Nigeria ez da gauza biztanleen oinarrizko elikadura beharrizanak asetzeko.  v  Nigeriako aberastasun iturri nagusia mea baliabideak eta petrolioa dira. Nigeria Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kide da. Petrolio gehiena –gas naturala eta ikatza– deltaren inguruan dago. Petrolioa da nazioaren ekonomiaren eragile nagusia, bereziki prezioak gora egin zuenetik aurrera, 1970. urte ondorengo urteetan. Horri esker, industriak ere aurrerabide handia egin zuen garai hartan, batez ere ehungintzaren eta janari industriaren alorretan.  v  Historia. Jorubak –Nok zibilizazio zaharraren ondorengoak– hiribide zabalekiko hiri harresituetan bizi ziren. IX. menderako hiria administratzeko sistema demokratikoa zuten, hiritarrek hautatutako udalbatza eta guzti. Hurrengo bi mendeetan, joruben herria Niger ibaitik egungo Togoraino zabaldu zen; Ife, Oio, Ilorin eta Benin ziren joruben estatu hiri nagusiak. Ife erlijiogune nagusia zen, eta hala da gaur egun ere. Oio erregearen bizilekua zen, eta XVI. mendetik aurrera esklaboen salerosketarako gune nagusietako bat izan zen. Iparraldean hausa estatuak bizi ziren –ezaugarri desberdin askoko kulturgunea–, eta ipar-ekialdean, berriz, igboak –merkatariak–, joruben enbor berekoak. 1914an, ingelesen kolonizazioak administrazio batera bildu zituen kultura horiek guztiak, eta estatu artifizial bat sortu zen. Gaur egun ere, estatu horren batasun nazionala lortu gabe dago. Ingelesen helburua eztainua eta nekazaritzako eta basoko aberastasunak ustiatzea zen. Beste kolonia batzuetan bezala, britainiarrek bitartekarien bidez gobernatzen zuten, eta iparraldeko emir musulmanez baliatu ziren horretarako, hausa herriari lehentasuna eta nagusitasuna emanez. Nigeriak burujabetasuna lortu zuenean, Northern People's Congress alderdiak (iparraldekoak) hartu zuen agintea, National Council of Nigerian Citizen (igbo etniakoa) alderdiarekin banatuta. Baina estatuaren egitura federala eta bi ganberako legebiltzarra ez ziren lurraldeko ezaugarrietara behar bezala egokitzen. Tokian tokiko gobernariek lehendakariak berak (Nnambi Azikiwe) baino ahalmen handiagoa zuten. Hauteskunde iruzurra zela-eta, alderdi progresistak baztertuak izan ziren behin eta berriz, eta buruzagiek, ikuspegi nazionalik ezean, norbere etniaren alde egin zuten. Azkenean, gudarosteak hartu zuen gobernua, Yacubu Gowon jeneralaren lehendakaritzapean. Orduan hasi zen petrolioaren ustiapena ere. Aldi berean, 1967an, Frantziak igboen separatismoa bultzatu zuen Biafran. Hiru urteko gerra zibilaren ondoren, Nigeria bereizteko ahaleginak porrot egin zuen. Ordurako Nigeria munduko zortzigarrena zen petrolioa ekoizten zuten herrien artean. Gowonek enpresa trasnazional erdiak desjabetu zituen eta bertako enpresaburuei lagundu zien. Gobernuaren arduradunak aldatuz zihoazen bitartean, Batzorde Militar Gorenak Estatu Batuen instalazio militarrak ixtea erabaki zuen. Obasanjo lehendakari zela, Barclays eta British Petroleum nazionalizatu ziren, Hegoafrikari ezarritako blokeoa hausteagatik. Hamahiru urtez militarren mendean egon ondoren, 1978an konstituzioa aldatzea, hauteskundeak deitzea eta zibilei gobernuko ateak irekitzea erabaki zuten. Hauteskunde Batzordeak bost alderdi besterik ez zituen onartu, finantza eta politikako elite tradizionalaren ordezkariak; alderdi sozialistak eta iraultzaileak baztertu egin ziren, atomizazio politikoa eragozteko aitzakiarekin. Nigeriako Alderdi Nazionalak botoen % 25 eskuratu zuen eta Nigeriako Alderdi Batuak % 20. Shehu Shagari lehendakari berriak hazkunde plangintza kapitalista bultzatu zuen, petrolioak sortutako irabazietan oinarritua, Nigeria Saharatik beherako Afrikako herrialde nagusia bilakatzeko asmoz. Besteak beste, hiriburu berri bat eraikitzea, lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan matrikula kopurua bikoiztea, eta biztanleen elikagai beharrizanak asetzea ziren gobernu berriaren helburuak. Ez ziren bete ordea. Ekonomia indizeak ere ez ziren batere baikorrak: kontrabando handia; hiriak inmigrantez eta behartsuez beteta; langabezia tasa handia; diru sarrera gutxiko soldatapekoen bizi mailaren galera; Nazioarteko Diru Funtsaren baldintza gogorrak kanpo zorra ordaintzeko. Hurrengo hauteskundeetan, Shagari bera atera zen garaile, iruzur salaketen eta militarren konspirazioen erdian. 1984ko urtarrilaren 1ean, Nigeriako historiako laugarren estatu kolpea izan zen, Muhamad Buhari-ren eskutik. Shagariren gobernuaren aurkako salaketetako bat petrolioaren inguruko ustelkeriarena zen. Militarrek jende mordoa atxilotu zuten eta gobernadore zibilen ordez gobernadore militarrak jarri zituzten, baina krisia ez zen konpondu, eta arrozaren prezioa laukoiztu egin zen urte baten buruan. 600 mila atzerritar “legez kanpoko” kanporatu zituzten eta kanpo zorra 15.000 milioi dolarretara iritsi zen. Krisiaren erdian beste estatu kolpe bat izan zen, 1985eko abuztuaren 26an, eta Ibrahim Babangida jeneralak hartu zuen lehendakaritza. 1987ko abenduan, tokian tokiko erakunde estataletarako hauteskundeak egin ziren. 15 mila hautagai zeuden. Baina hauteskundeak ez ziren behar bezala prestatu, eta iskanbila eta borroka ugari izan zen. Azkenean, baliogabetu egin ziren. 1989ko abendurako deitu ziren berriro hauteskundeak –lehendakaritzarako eta legebiltzarrerako lehenengoak 1983az geroztik–, baina abenduan bertan, gobernuak hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen. Handik gutxira, Babangidak jarduera politikoaren gaineko debekua kentzea erabaki zuen, gobernu militarretik zibilerako trantsizioa gainbegiratzeko asmoz. 1990eko apirilean eta ekainean, agintea indarrez hartzeko saioak izan ziren, baina gobernuaren indarrek zapuztu zituzten. Etnia etsaiak elkarrengandik bereizteko estatu berriak sortzeak ere istilu handiak eragin zituen; gudarostek gogor zapaldu zituen protestak eta, abuztua eta urria bitartean, 300 pertsona hil ziren borroketan. 1991ko abenduaren 14an, existitzen ez ziren hautagaiez errolda “garbitu” ondoren, gobernadoreak hautatzeko hauteskundeak egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 16 gobernu (edo estatu) eskuratu zituen, eta Konbentzio Nazional Errepublikarrak 14. 1992an, estatu batzuetan istilu gogorrak izan ziren etnien artean. Taraba estatuan, esate baterako, 5.000 lagun hil ziren lurraren jabetzarengatik borrokan. Urte horretan Europar Erkidegoak 240 milioi dolarreko laguntza eman zuen, nekazaritza, osasun, telekomunikazio, errepide eta parke naturalen proiektuetarako. Legegintzarako hauteskundeak 1992ko uztailean egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan eta 314 diputatu; Konbentzio Nazional Errepublikarrak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan eta 257 diputatu. Azkenik, Nigeria gobernu zibilerako bidean zela ematen zuen, 23 urtez militarren agindupean egon ondoren. Urrian lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren. Babangida lehendakariak baina, iruzur egin zelakoan, baliogabetu egin zituen hautagaiak baztertu zituen, eta kargutik kendu zituen bi alderdi nagusietako buruzagiak. Hil horretan bertan, gobernu militarrak debekatu egin zuen jarduera politikoa, eta jendeak zalantzan jarri zuen gobernua zibilen eskuetan jartzeko borondatea. Azkenik, zenbait atzerapenen ondoren, 1993ko ekainean egin ziren lehendakaritzarako hauteskundeak, lehenengo aldiz 1983az geroztik. Ekainean, baina, Babangidak hauteskundeak baliogabetu zituen eta hautagaiak botoak erosteaz akusatu zituen. Abiola, Alderdi Sozialdemokratako hautagaia –hauteskundeetako irabazlea– Londresa joan zen erregimenaren nazioarteko kondena lortzearren. Estatu Batuek eta Britainia Handiak bertan behera utzi zituzten laguntza ekonomikoak eta harreman diplomatikoak. Kanpoko erantzunak adoreturik, Abiolak desobeditze zibila deitu zuen; protesta jendetsuak egin ziren, eta gudarosteak gogor zapaldu zituen. Oposizioko 25 talde demokraziaren alde elkartu ziren. Alde guztietarik presionaturik, gobernuak lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zituen berriro, baina Alderdi Sozialdemokratikoko eta Konbentzio Nazional Errepublikarreko buruzagiak –Abiola eta Othma Tofa, hurrenez hurren– ez zituen onartu. Protesta eta istilu gehiago izan zen, eta abuztuaren 26an, Babangidak uko egin zion karguari. Ernest Shonekan-en eskuetan utzi zuen lehendakaritza eta hauteskunde berriak iragarri zituen. Abiola Londresa itzuli zen, eta sindikatuek greba deitu zuten Nigeriako lehendakari gisa onar zezaten. 1993ko bukaeran, Defentsa ministroak –Sani Abacha jeneralak– kargutik kendu zuen Shonekan, Legebiltzarra desegin zuen, eta jarduera politikoa debekatu zuen. Abiola bere karguan onartzeko protestak etengabeak ziren, eta hura atxilotu zutenean, 1994ko ekainean, petrolioaren sektoreko langileek –Nigeriako sektorerik inportanteena askogatik– hamar eguneko greba egin zuten. Abachak ez zuen amore eman eta ez zuen Abiola askatu. 1995eko apirilean, Desmond Tutu artzapezpikua Nigeriara joan zen, Hegoafrikako lehendakari Nelson Mandelaren ordezkari gisa, Abiola aska zezaten eskatzera. Abiolak 1993ko hauteskundeak baliogabetzea onartu bazuen ere, lehendakariak ez zuen askatu. Azaroan, gobernuak ogoni herriaren aldeko erakunde bateko bederatzi kide hilarazi zituenean, erregimen militarra bakarrik geratu zen. Herrialde batzuek –Estatu Batuak barne– enbaxadak itxi zituzten. Hauteskunde Batzorde Nazionalak egindako erregistroa oinarri hartuta, Abachak eta bere junta militarrak bost alderdi politiko legeztatu zituzten: Nigeriako Kongresu Batuaren Alderdia, Kontsentsu Nazionalerako Batzordea, Nigeriako Alderdi Zentral Nazionala, Nigeriako Alderdi Demokratikoa eta “Grassrotts” Higikunde Demokratikoa. 1997an, petrolioaren prezioaren gorakadak ekonomiaren hazkundea bultzatu zuen. Gobernuak behin eta berriro azaldu zuen horrek herrialdearen egoera soziala hobetzen lagundu zuela. Hala ere, datu ofizialen arabera, biztanleen % 80 behar gorrian bizi zen. 1998ko apirilean, Abachak hauteskundeen ordez erreferenduma iragarri zuen, berak aginpidean jarraitu behar zuen ala ez erabakitzeko. Ekainaren 8an, baina, ustekabean, lehendakaria hil egin zen. 1999an Olusegun Obasanjo hautatu zuten nigeriarrek lehendakari; haiek ziren 16 urtean egiten ziren lehenengo hauteskundeak. 2003an ere Obasanjoren alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta korrupzioaren kontrako eta herrialdearen garapenaren aldeko hainbat lege eta neurri hartu bazituen ere, kritika ugari egin zizkioten berari ere korrupzio kontuengatik. 2007ko hauteskudeetan Umaru Yar'Adua irten zen garaile; nazioarteko behatzaileen ustez, ordea, hauteskunde haiek ez ziren garbiak izan.
http://nigeria.gov.ng/