Negeb
(Hebr. Ha-negev, “Hegoaldea”). Israelgo hegoaldeko lurralde idorra. 13.310 km2. Negebek Israel osoaren erdia baino gehiago hartzen du. Jordaniak, Akabako golkoak, Sinaiko penintsulak eta Mediterraneoko itsasbazterrak mugatzen dute lurraldea, muino higatuez osatua (Ramon mendia, 1.035). Hiri nagusiak: Berseba, Arad eta Elat. Lurraldea basamortua da baina, ureztatzeari esker, laboreak, fruitu arbolak eta barazkiak lantzen dira alderdi batzuetan. Mea baliabideak: kobrea, fosfatoak eta gas naturala. 1949az gero Israelgo lurraldea da.