erreinu nazaria
Erdi Aroko Iberiar Penintsularen hegoaldeko erreinua. Arjonako Banu Nasr familiako Muhammad-ek sortu zuen 123. urtean. Muhammad I.a almohadiarren aurka matxinatu zen, eta Al-Andalus-eko hegoaldean barrena, gaur egungo Malaga, Granada eta Almeriako lurraldeetara, zabaldu zuen erreinua. Granada hartu zuen hiriburutzat. Kristauekin istilurik izan ez zedin, Gaztelako Fernando III.aren nagusigoa onartu zuen. Gaztela zabaldu ahala, erreinu nazariak lurraldeak galdu zituen, eta 1492an Errege-erregina Katolikoek Granada konkistatu zutenean desegin zen. Erreinu nazariak hogeita bi agintari izan zituen, beren buruak sultan eta emir tituluez izendatu zituztenak; aginpidea gurasoengandik semeengana igaro ohi zen. v Arte nazaria. Art. Granadako dinastia nazariaren azken garaietan garatu zen arte mota (XIV-XV. mendeak). Garaitsu hartan ipar Afrikan garatu zen artearekin zerikusi handia du eta aurreko arte hispaniar-musulmanean errotua da bete-betean. Nazarien arkitekturan apaingarrietarako joera nabarmentzen da: sabaietako begiztak, prisma itxurako erliebeez hornituriko ganga faltsuak. Bestalde, zutabe luzatua berriro erabiltzen hasi ziren, baita zurez egindako eta igeltsuz estalitako sasi arkuak ere. Barne apaindura ere guztiz joria da: kolore biziz, batez ere gorriz eta urdinez, margoturiko irudiak, idazki poetikoak eta arabiarren artean bakanak diren izaki bizien irudiak. Yusuf I.ak (1334-1353) eta Mohamed V.ak (1353-1391) eraikiarazitako Alhambra eta Generalife multzoa dira arte horretako obra gailenak. Arte txikietan zeramika, oihalgintza eta urrez, zilarrez, boliz eta burdinaz egindako lanak nabarmendu ziren.