Naiara
Errioxako Autonomia Erkidegoko hiria, Logroñotik 27 km-ra dagoena. 39,87 km2 eta 6.797 biztanle (1992). Garaiera, 485 m. Nekazaritza da jarduera nagusia, mahatsa eta ortuariak, batez ere. Altzarigintza, zeramika eta janari industria. Aipatzekoa da Santa Maria la Real monasterioko eliza gotikoa, 1422-1453. urteetan eraikia. Elizan Nafarroako eta Leongo zenbait errege daude lurperatuak. v Historia. Naiera eta Naiara izenaz ageri da hiria dokumentu eta idatzi zaharrenetan. Tutera aldeko kasitarren mendean egon zen Antso I.a Gartzeitz Nafarroako erregea neurri batean arabiarturik zegoen Errioxako hiriez jabetu zen arte (918-924). XII. mendearen bukaera arte Nafarroako erregeen egoitza izan zen eta dukerri baten modura gobernatu zen. Naiara Errioxako hiri nagusi bihurtu zen, eta hara zuzendu ziren Gaztelako errege-erreginen erasoak, 1177. urtean Errioxaz jabetu ziren arte. Bestalde, apezpikutegi hiria izan zen Naiara X. eta XI. mendeetan, 1045. urtera arte, baina badirudi Kalagorriko egoitza nagusiaren ordezkoa baizik ez zela izan. 1367an Naiarako hiriaren ateetan Petri I.a Gaztelako erregearen armada nagusitu zen, Karlos II.a Nafarroako erregeak lagunduta, Henrike Trastamarakoa erregenahiak gidaturiko osteen aurrean.