Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

naturalismo

iz. Fil. Izaditik at ezer ez dagoela dioen eta gauzak azaltzeko naturaz gainetiko zernahiren eragina ukatzen duen dotrina. Naturalismoak ez du izadiaz kanpoko arrazoirik edo errealitaterik onartzen. Unibertsoko izaki eta gertaera guztiak izadi barrenekoak dira; unibertsoak berezko izaera du eta berez eratzen da. Hala idealismoaren aurkakotzat hartu izan da naturalismoa. Bestalde, naturalismoa materialismoaren parean jarri izan da, baina eremu zabalagoa hartzen du hark baino. Naturalismoarentzat izadia da errealitate bakarra eta osoa, eta hortik kanpoko beste errealitaterik ez dago.  v  Art. Artearen helburua izadia aztertzea dela aldezten duen dotrina. Horren arabera, artistak ingurua xehetasunez aztertu eta aditzera eman behar du. Ez ditu ezkutuko errealitateak bilatu behar, ezta izadian gertatzen dena epaitu behar ere. Alor askotan izan ditu naturalismoak jarraitzaileak; literaturan adibidez, XIX. mendeko errealismoaren eskolak dira naturalistak. G. Flaubert, E. Zola eta G. de Maupassant dira, besteren artean, idazle naturalista aipagarriak.