Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

narrasti

izond. Herrestan dabilena, narrastaria. || iz. Animalia ornodun odol-hotza, biriken bidez arnasa hartzen duena, errulea, azala ezkataz estalia duena, eta lau hankak endurtuak edo motzak dituelako herrestan ibiltzen dena. Narrastiak: delako animaliek osatzen duten klasea.  v  Zool. Narrastiek biriketatik bideratzen dute arnasketa; horregatik bizi dira gehienak lehorrean. Eskeletua hezurrez osatua dute. Burezurra eta bizkarrezurra giltzaduraz lotuak dituzte. Ez dute ugaztunek eta hegaztiek bezala, hotz egin, bero egin, odolari tenperatura jakin batean eusteko gaitasunik. 0 °C-ko tenperaturarekin ere ia denek bizirik irauten dute, baina 45 °C-tatik gorako tenperaturak luze iraunez gero hiltzen dira gehienak. Oso eskualde hotzetan ez da narrastirik bizi, eta eskualde beroetan mota gehiago bizi dira besteetan baino. Hezurrezko oskolez, ezkataz edo karatxoz estalia izan dezakete gorputza. Mota gehienak haragijaleak dira. Arrautza bidez ugaltzen dira gehienak, baina zenbait mota biziernalkariak dira aldi berean. Narrastiak Karboniferoren azkenaldean agertu ziren. Mesozoikoan, orain ehun milioi urte inguru, horiek ziren animaliarik zabalduenak munduan; asko gainera, oso tamaina handikoak ziren; dinosauroak, esate baterako, narrastiak ziren. Horietako denak edo gehienak desagertu ziren gero. Narrastien klaseak 19 bat ordena biltzen ditu, baina gaur egun 4 besterik ez daude bizirik.