muzilago
iz. Kim. Zuhaitz eta landare batzuen zain, hazi edo adarretan izaten diren polisakaridoei ematen zaien izena. Kimikaren ikuspegitik pektinaren eta gomen tankerakoak dira, eta beren pisu molekularra 200.000 edo gehiago da. Ezagunenak eta erabilienak lihoaren, algarrobaren eta irasagarraren hazietatik lortzen dira; sintesi bidez ere lor daitezke. Urarekin nahastean arduera optikoa duten koloide disoluzioak eratzen dituzte. Azido mineralez hidrolizatuz pentosak eta hexosak eratzen dituzte, arabinosa eta galaktosa besteak beste. Janariak loditzeko sukaldaritzan, diuretiko eta aringarri gisa medikuntzan, urringintzan, eta emultsioen finkatzaileak, loditzaileak etab. prestatzeko erabiltzen dira. Ez dago bereizketa zehatz bat egiterik gomen eta muzilagoen artean; hala ere, ez dira kolak eta muzilagoak nahastu behar.