Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

musika

iz. Hotsak arau jakinen arabera konbinatzeko antzea, denbora bitarte bat soinuzko gaiez antolatzeko artea; antolaketa horren araberako emaitza. || Musika idatzia, musika lan idatzia. || Musika gogorazten duten hots multzo edo saila.  v  Amerikako musika. Amerikako musikari buruzko lehen azterketak XIX. mendearen bukaeran hasi ziren; ordurako Europako musikaren eragin handia zuen bertakoen musikak. Dena den, arkeologia aztarnegietan aurkituriko tresnen, XVI. eta XVII. mendeetako misiolarien kroniken eta batez ere beste biztanleekin nahastu ez diren indiar talde batzuen gaur egungo musikaren bidez, aztertu ahal izan da  bertako musikaren bilakaera. Europarrak heldu aurretik indiarrek ez zuten ezagutzen musika notaziorako sistemarik, musika tresnek laguntzen zioten kantuari, eta musika eta dantza batera egiten ziren beti.  v  Sortaldeko musika. Hinduen musikak veda testuen edo testu sakratuen irakurketan du jatorria. Indiako musikak erabateko aldaketa izan zuen K.a. VII. mendean, budismoaren eta heleniar kulturaren eraginez; horietatik sortu zen indiar estilo klasikoa, raga izenekoa. Txinako musika, Han dinastiaren garaian (K.a. 206 - K.o. 220), errituzkoa zen; laurogeita hamar musikariz osatutako orkestrek jotzen zuten. Tan dinastiaren garaian (618-907) garatu zen, erlijiotik landa, jaialdi eta ospakizunetako musika. Song dinastian (960-1279) Tang dinastiako musika hobetu, eta errepertorioa zabaldu zen; Taizong enperadoreak berak 390 doinu berri ondu zituen. Ming dinastiaren garaian (1368-1644) hasi zen jai eta ospakizunetako musika kodetzen eta kontserbatorioetan irakasten. Garai hartan emakumezkoek osatzen zituzten gorteko orkestrak. Quing dinastiatik aurrera (XVIII. mendea), Asiako beste herrietako musikak Txinakoaren gainean zuen eragina areagotu zen. Japonian garrantzi handia izan zuen kabuki eta antzerkientzat egindako musikak; XX. mendearen hasieratik japoniar musika asko hurbildu zitzaion Europakoari. Islamak Asiako musika tradizio gehienetan izan zuen eragina, bere erritmo berezien eta doinu hautsien bidez.  v  Afrikako musika. Afrikako musikari buruzko lehen aipamenak europar bidaiarien kontakizunetan ageri dira; ezin izan da ordea musika mota honen bilakaera ezagutu. Nolanahi ere, ahozko tradizioan oinarritzen da, eta alde handiak ditu etnia batetik bestera.  v  Sartaldeko musika. Sartaldeko musika elizako kantuekin hasi zen, hebrearren eta greziarren eskaletan oinarri harturik. Geroago organoaz lagundu ziren kantuak, eta, kontrapuntua landu ahala, aberatsagoak egin ziren. Elizako eta elizaz kanpoko polifonia XV. eta XVI. mendeetako madrigal eta moteteekin iritsi zen maila gorenera. XVII. mendean, berriz, tresnetarako musika izan zen nagusi (bariazioak, suiteak); orobat, garrantzi handia izan zuten Monteverdi eta Lully-ren operek, Schultz-en oratorioek, eta musika idazkeraren sistema berriak. XVII. mendearen bukaeran eta XVIII. mendearen hasieran aurrerabide handia egin zuen teklaturako musikak. Biolin taldeak antzina biolak izandako lekua hartu zuen sortu berri zen orkestra egituran. Oratorioa heldutasunera iritsi zen (Bach, Haendel, Scarlatti, Purcell, Couperin). XVIII. mendean Bach-ek sonata itxuratu zuen, geroago Haydn, Mozart eta Beethoven-ek landu zuten sinfoniaren eta harizko kuartetoaren oinarri izan zena. XIX. mendearen hasieran Beethoven-ek, bestalde, hunkigarritasun berria eman zion musikari eta era horretan erromantizismoaren aitzindari izan zen; Schumann, Mendelssohn, Verdi, Txaikovski, Schubert eta beste hainbat musikarik bete-betean egin zuten musika erromantikoa. Bestalde, erromantizismoak ekarri zuen abertzaletasunean oinarritu ziren musikagile asko, hala nola, Chopin (Polonia), Liszt (Hungaria), Dvorák (Bohemia), Musorgski eta Rimski-Korsakov (Errusia), Granados eta Albéniz (Espainia), Sibelius (Finlandia), Grieg (Norvegia) eta Bartok (Hungaria). XIX. mendearen bukaerab Wagner-ek berrikuntza handiak egin zituen orkestran eta harmoniaren baliabidetan, eta oro har, musikaren beraren ikuskeran. XX. mendearen hasieran, Debussy-k eta bere ikasleek inpresionismoa sortu zuten erromantizismoaren aurkako joera gisa; harrezkero, joerak asko sortu dira; musika atonala eta dodekafonismoa landu dira, eta abstrakziorako joerak oso nabariak izan dira, Stravinski-ren eta Hindemith-en klasizismoan, besteak beste.      
 v  XX. mendeko musika joerak. Musika joera nagusiak, sarritan bereizten errazak ez badira ere, aleatorioa, dodekafonikoa, elektronikoa eta konkretua dira.  v  Musika aleatorioa: musika egiterakoan edo jotzerakoan ezusteko edo prestatu gabeko elementuak sartzen dituena, eta zorizko prozeduren bidez (estatistikoak edo konputagailu bidezkoak) ontzen dena. John Cageren lanak dira aipagarriak (Music of Changes, 1951).  v  Musika dodekafonikoa. ik. dodekafonismo.  v  Musika elektronikoa: bitarteko elektronikoen bidez sortzen eta emaitza zintetan grabatzen dena. Hasieran horrela deitzen zitzaien elektronikoki sintetizaturiko hotsei soilik, musika elektronikoa eta musika konkretua bereiztearren; musika konkretua ohiko musika eta eguneroko hotsak elkartuz egiten zen. Gaur egun ordea bat egin dute biek. Hots elektronikoak sortzeko lehen saioak Kanadan eta Estatu Batuetan egin ziren, 1890. urtetik aurrera. XX. mendearen hasieran Fischinger hasi zen, Alemanian, ildo honetatik lanean; Sobietar Batasunean, 1930. urte inguruan, teknika fotoelektrikoak erabili ziren musika sortzeko. Izan ere, musika elektronikoaren garapena teknika berrikuntzei lotu zaio: telefonoa, bozgorailua, mikrofonoa, gramofono grabazioak, etab. Musikari aipagarriak dira Cage, Stockhausen, Maderna, Berio, Krenek, Eimer, etab.