Muschg, Adolf
Suitzar idazlea (Zollikon, 1934). Japonian, Amerikan eta Alemanian egon ondoren, Zurichera itzuli zen hiri horretako Unibertsitate Politeknikoko Literatura Alemaniarreko katedran aritzeko. Alderdi Sozialdemokratikoko kide zen eta Konstituzioa berrikusarazi zuen. 1975ean legebiltzarrerako aurkeztu zen. Lehenengo eleberria Im Sommer des Hasen (1965, Erbiaren udan) izan zen. Gaur egungo gizarteari eta 68ko ondorioei buruzko bi satira idatzi ondoren, Gegenzauber (1967, Sorginkeriaren kontrakoa), eta Mitgespielt (1969, Erdizka jokatua), Muschg-ek Albissers Grund (1974, Albissers-en arrazoiak) lanen bidez, 68aren ondorioak jasaten dituen Suitza aurkezten du. Baiyun oder die Freundschaftsgesellschaft (1980, Baiyun edo lagunartearen gizartea) lanean Txinan dagoen suitzar talde baten esperientziak kontatzen ditu; taldeko horretako kide bat-batean hil egiten da eta gainerakoak erruduntasunari eta akatsei buruz egiten dute gogoeta. Muschg-ek hainbat eleberri idatzi zituen, saiakerak, antzerkia eta irrati saioak, eta baita banpiroei buruzko eleberri bat ere, Das Licht und der Schlüssel (1984, Argia eta giltza).