Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mugerre

Lapurdiko barnealdeko udalerria, Aturri ibaiaren ezkerraldean, Hiriburuko kantonamenduan. Mouguerre du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Lehuntze, ekialdean, Lehuntze eta Beskoitze, mendebalean, Milafranga eta Hiriburu eta hegoaldean, Jatsu, Milafranga eta Hazparne. Garaiera, 115 m. 22,57 km2. 1999ko datuen arabera, 3.858 biztanle, 1990ean baino ia 800 gehiago (mugertarrak). Auzo nagusiak: Hargina, Mugerre, Portua, Karakar, Agerria, Ametzaga, Lekueder, Altzueta eta Elizaberri. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 35. Ekonomia jarduera nagusiak industria (telekomunikazioak, janari industria, kimika industria; langileen % 50) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 45) dira. Aipagarri dira San Joan Bataiatzailearen eliza, 1661. urteko Mahatxeberriako etxea eta Agerriako gaztelua.  v  Historia. 1249. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mugerreko herria Saint-Jean de Biutz izenaz. Mugerreko herritik hurbil Wellington eta Soult-en osteen arteko gudua gertatu zen 1813. urtean; bada harrizko gurutze bat horren oroigarri.