Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mozorro

iz. Kartoizko, oihalezko… irudia, aurpegi bat irudikatzen duena eta begitartea estaltzeko erabiltzen dena.  v  Erlijio errituetan, antzerkietan eta jaietan erabiltzen da mozorroa, eta baita babes gisa ere. Sinbolismo eta indar espiritual handia dute, eta beren esanahia zein den jakiteko herri bakoitzeko kultura ezagutu beharra dago. Bi funtzio nagusi betetzen dituzte mozorroek: beste pertsona baten edo animalia baten irudia hartzea eta mozorroa jazten duena nor den ezkutatzea.  v  Antzina errituetan erabiltzen ziren batez ere mozorroak; hiletetako, gizarte sarrerako eta totemismoko errituetan. Aipatzekoak dira Egiptoko apaizek jazten zituztenak, Egipton eta Amerikan hildakoei ezartzen zizkietenak eta Afrikako, Amerikako eta Melanesiako tribu batzuek bere ospakizunetan erabiltzen zituztenak. Grezian erlijio errituetan erabiltzen ziren hasieran, baina garrantzi handiagoa izan zuten Dionisos, Demeter eta Artemisaren ohorezko jaietakoek. Grezian hasi ziren antzerkian gogo aldarteak adierazten zituzten mozorroak egiten. Antzerkirako mozorro aberatsenetakoak Txinakoak dira, XIV. mendetik aurrera erabiltzen direnak; zurez eginak dira, igeltsozko geruza fin batek estaliak eta oso landuak. Aipatzekoak dira bestalde Japoniako borrokalarienak eta Zeilango medikuenak. Gaur egun maskarek ez dute antzinako esanahi sinbolikoa, baina arte lan askoren iturri dira, eta oraindik ere erabiltzen dira, jaietan eta.