Moluka uharteak
Indonesiako uhartedia, Ozeano Barean, Sulawesi uhartediaren eta Timor uhartearen artean; 85.728 km2 eta 1.814.000 biztanle. Hiriburua, Amboina. Halmahera, Buru, Ceram eta Amboina uharteak biltzen ditu besteak beste. Klima montzoi haizeen mende dago. Janari gozagarriak eta oso zur bikainak esportatzen ditu. Antzinatean Espezieen uhartea izena izan zuen, espezia asko zegoelako bertan. Portugaldarrek esploratu zituzten Moluka uharteak 1512an. Holandak eskuratu zituen XVII. mendean, eta XIX. mendearen hasieran ingelesak jabetu ziren uhartediaz, urte gutxiz izan bazen ere, ondoren berriro ere Holandaren eskuetara igaro baitziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren uhartedia Indonesiaren eskuetan geratu zen, eta ordutik aurrera bertako probintzia da. 1950ean Moluka uharteen burujabetasunaren aldeko higikundea sortu zen Amboinan.