Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Moldavia

(Izen ofiziala, Moldaviako Errepublika; Errumanieraz, Republica Moldova). Europako hego-ekialdeko estatua, Balkanetako penintsulan kokatua; Sobietar Batasuneko errepublika izan zen, 1991ra arte. 33.700 km2 eta 4.128.047 biztanle (2008ko estimazioa, moldaviarrak). Mugak: iparraldean, ekialdean eta hegoaldean Ukraina; mendebaldean Errumania. Erlijioa: kristau ortodoxoa. Hiriburua: Chisinau (707.700 biztanle). Hiri nagusiak: Tiraspol, Tighina, Balti. Hizkuntza ofiziala: moldaviera (errumaniera). Gizatalde nagusiak: moldaviarrak, % 75,8; ukrainarrak, % 8,3; errusiarrak, % 5,9. Erlijioa: ekialdeko kristau ortodoxoak, % 93,3; protestanteak, % 2. Dirua: Moldaviako leu-a. ■ Biztanleak. Moldaviak du Sobietar Batasun ohiko errepubliken eta inguruko herrialdeen artean biztanle dentsitate handiena (121 biztanle/km2), bertako lurren aberastasunaren eta bilakaera ekonomiko azkarraren eraginez. Era berean, Moldavia da Europako urbanizazio maila apalenetakoa duen herrialdea ; biztanleen % 41 inguru bizi da hirietan. Dena dela, herriak handi samarrak dira eta gehienetan badute argindarra. Bizi itxaropena 65 urtekoa da, batez beste. Biztanle kopuruaren hazkundea oso txikia da: % 0,22, 2005eko estimazioen arabera. Hizkuntza ofiziala moldaviera den arren, errusiera, ukrainera eta gagauzoa ere erabiltzen dira. ■ Ekonomia. Moldaviak klima egokia eta lur oparoak ditu, baina ez du mea baliabide aberatsik. Bertako ekonomia nekazaritzan oinarritua da eta haren mende dago (ekonomia jardueraren % 34 inguru hartzen du); gehien lantzen diren gaiak fruituak, barazkiak, mahatsa, larrosak eta tabakoa dira. Abeltzaintzak ere garrantzi handia du, esnetarako eta haragitarako abere aziendek batez ere. Moldaviak, bestalde, oinarrizko lehengaiak inportatu behar ditu (petrolioa, ikatza, gas naturala…), eta gai horiek gehienbat Errusiatik inportatzen zituenez gero, 1991. urtean Sobietar Batasuna desagertu zenetik murrizketa handiak izan dira industria ekoizpenean. Industria aipagarrienak nekazaritzatik ateratzen diren gaien lanketarekin (azukre findegiak, ardogintza) lotuta daude. 1992an gainbehera larria gertatu zen industria ekoizpenean, esan bezala, eta, oro har, ekonomia guztian; beheraldi horretan eragin handia izan zuen Dniester ibaiaren ekialdeko lurraldean pizturiko gerra zibilak ere. Moldaviako gobernuak ekonomian aurrerapen handiak egiteko neurriak hartu zituen eta berrikuntza asko egin ziren (prezioak liberalizatu, pribatizazioa bultzatu, interes tasei mugak kendu, esportazioen gaineko kontrola murriztu…), baina azken urteetan neurri horietako batzuetan atzera egin du agintea. 1998an barne produktu gordinaren hazkundea eten eta atzeraldia izan zen (1995ean iritsi zuen mailarik apalena, -% 8,6, eta 1997an -% 2,5ekoa izan zen), Moldaviak Errusiarekin tirabirak izan zituelako eta herrialde harekin dituelako merkataritza harreman guztien erdia baino gehiago. 1999an Nazioarteko Diru Funtsa berriro hasi da Moldaviari kredituak ematen (1997an bertan behera utzi zuen ekimen hori), eta 1999rako 135 milioi dolar izendatu zizkion NDF erakundeak. Nolanahi ere, 2005eko datuen arabera, biztanleko BPGa munduko batez bestekoaren 4,5 aldiz txikiagoa zen (nahiz eta 2007an igo egin zen) eta biztanleen % 20 inguru bizi ziren pobrezian. ■ Gobernua eta administrazioa. Legebiltzarra da legegintzaren ardura duen erakundea, 104 diputatuz osaturiko ganbera bakarrarekin. Diputatuak eta lehendakari eta estatuburua bost urtez behin aukeratzen dira. 1994an onartu zen gaur egun indarrean dagoen konstituzioa, eta herrialdea osatzen duten herrien arteko elkar ulertzea bultzatzeko xedea du. ■ Historia. Moldaviako lurraldea Erromaren Daziaren baitan egon zen. XIV. mendean, Ekialdeko Karpatoetako printzerri batzuek bat egin eta Moldaviako printzeri autonomoa eratu zuten. Printzerriak hedadura handiena erdietsi zuenean, iparraldetik eta ipar-ekialdetik Dniester ibaiak mugatzen zuen, hegoaldetik Itsaso Beltzak, Dobrudjak eta Valakiak, eta mendebaletik Transilvaniak. Printzerriaren urterik oparoenak Estebe IV.a Handiaren agintaldikoak izan ziren (1457-1504), herrialdea otomandarren erasoez babestea lortu baitzuen. Hala ere, XVI. mendearen erdialdean, printzerria otomandarren inperioaren zergapeko estatu autonomo bihurtu zen eta, hurrengo hirurehun urtez, sistema feudal gogor bat ezarri zuten turkiarren mendean egon zen. XVIII. mendean errusiarren aginpidea Moldavian handituz joan zen, eta 1774an Errusiaren babespean geratu zen, nahiz eta Turkiak izan lurraldearen gaineko aginpidea. Turkiaren eta Errusiaren arteko 1806-12 bitarteko gerraren ondoren, Moldaviako zati bat, Besarabia, Errusiaren mendean geratu zen. Krimeako gerraren ondoko Parisko Itunean (1856), Besarabiako hegoaldea Moldaviari eman zitzaion. 1859an Moldaviak Valakiarekin bat egitea erabaki zuen, eta Alexandro Joan Cuza printzearen aginpidean Errumaniako estatua osatu zuten; batasuna 1861ean gauzatu zen. Errusiaren mendeko Besarabia Sobietar Errepublika Sozialista Autonomo bihurtu zen, Ukrainaren baitan lehendabizi (1924-40), eta Moldaviako sobietar errepublika sozialistaren baitan gero. ■ 1991. urtean Sobietar Batasunarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuen Moldaviak, baina 1980ko hamarraldiaren hasieratik dagoeneko etnien, lurraldeen eta hizkuntza desberdineko taldeen arteko liskarrak nabarmendu ziren Moldaviako politikan, eta hamarraldi haren amaieran izan zuten, hain zuzen ere, unerik larriena, Dniester ekialdeko gerra zibilarekin. 1989. urtean Moldaviako burujabetasunaren aldeko mugimendua indar hartzen hasi zenean, hizkuntza nazionalaren auzia larritu zen. Izan ere, Moldaviako lurraldea Errusiaren mende gelditu zenez gero alfabeto zirilikoa erabili izan zen bertan (errusiera zen hizkuntza ofiziala), baina 1989an independentzia zaleen presioei esker errumaniera (errumanieraren moldaviar aldaera, alfabeto latindarrekoa) izendatu zuten Moldaviako hizkuntza ofiziala. Dniester ekialdeko lurraldeetan, errusiera erabiltzen baitzen inguru hartan errumaniera baino gehiago, ez zuten errumaniera hizkuntza ofizial gisa hartzen zuen legea onartu eta autonomia eskatzen hasi ziren bere lurraldearentzat. Bestalde, Moldaviaren burujabetasunaren aldeko mugimenduarekin batera Errumaniarekin bat egitearen aldeko iritzia zabaldu zen (historian zehar lotura estua izan du Moldaviako lurraldeak bai Errusiarekin eta baita Errumaniarekin ere) eta horrek are gehiago larritu zuen egoera (Errumaniarekin bat egitearen kontrako greba handiak egin zituzten errusiarrek). Moldaviako hegoaldean ere, Gagauziako lurraldean, burujabetasunaren aldeko mugimendua indartu zuten gagauziarrek. 1990ean autonomiari buruzko erreferenduma egin zuten Dniester ekialdean; Dniester ekialdeko errepublika osatzea erabaki zen, eta beren gobernua ezarri zuten errusiarrek. 1991n, beraz, Moldaviak Sobietar Batasunarekiko burujabetasuna aldarrikatu zuen urtean, gauza bera egin zuten Moldaviari buruz Dniester ekialdean eta Gagauzian, eta errepublika burujabe izendatu zituzten lurralde haiek; bi lurraldeotan Moldaviaren burujabetasunaren kontra eta Errumaniarekin bat egitearen kontra zeuden. Moldaviako lehendakaritzarako lehenengo hauteskundeetan Mircea Snegur moderatua izan zen garaile, Mircea Druc, Errumaniarekin bat egitearen aldekoen buruzagiari aurrea harturik. Dniester ekialdeko gatazkak lurraldeen arteko batasuna arriskuan jarriko zuen beldur, eta lurraldeen arteko gatazkak indarra erabili gabe konpontzearren, Moldaviako lehendakariak amore eman behar izan zuen gauza askotan: lurraldean bakea lortu eta egoera bere onera etorri arte errusiar gudarostearen presentzia onartu zen, besteak beste, eta 1992an bake hitzarmena sinatu zen. Tirabirak ez ziren erabat konpondu, ordea, eta 1994ko konstituzio berriaren bidez hegoaldeko gagauziarrei eta Dniester ekialdeko errusiarrei autonomia gehiago ema zitzaien, Moldaviako etnien eta lurraldeen arteko elkarbizitza erraztearren: errumaniera hizkuntza ofiziala zen arren, zeinek bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea onartu zen, gobernu propioa osatzeko aukera eman zitzaien, eta era berean, Moldaviak inoiz Errumaniarekin bat eginez gero, lurralde berriarekiko burujabetasuna eskuratzeko eskubidea ezagutu zitzaien. 1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Petru Lucinschi izan zen irabazle, ezkerreko taldeen babesarekin. Hurrengo urtean Andrei Sangheli nazionalistak dimisioa eman zuen, eta Ion Ciubuc izendatu zuten Lehen Ministro. Petru Lucinschiren agintaldiaren hasieran ekonomia egoerak okerrera egin zuen, eta 1998ko legebiltzarrerako hauteskundeetan komunistek gora egin zuten. 2001ean Vladimir Vorodin izendatu zuten lehendakari eta Vasile Tarlev gobernuburu; eraberritu gabeko alderdi komunista batek agintea berreskuratu zuen Sobietar Batasun ohiko estatu bakarra izan  zen.  Alderdi komunistak erreforma ekonomiko eta sozial handiak egiteko programa bat abian jarri zuen, herrialdea Europar Batasunean sartzeari begira, eta ahalegin handiak egin ziren enplegua sortzeko ere. 2005eko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu zuten komunistek berriro ere (2008an alderdi bereko Zinaida Greceanli izendatu zuten Lehen Ministro).
http://www.turism.md/eng/