Mo Tzu
Txinatar filosofoa (K.a. 479 inguruan - K.a. 390 inguruan). Konfuzioren jarraitzaileekin ikasi zuen, baina berehala arbuiatu zuen hura. Gerrak oso kezkatua zeukan, eta irtenbide gisa gizaki guztien elkartasuna, berak maitasun unibertsala deitzen zuena, proposatu zuen. Familia egitura tradizionalak deuseztatu nahi izan zituen, horren ordez gizaki bakoitzaren merezimenduen arabera mailaka antolatutako gizarte berri bakezko bat sortzeko; lana eta lana antolatzeko jakinduria hartzen zituen kontuan merezimendu horiek neurtzeko. Garrantzi handia ematen zien aurkikuntza teknikoei, eta hegan egiteko makina bat asmatu zuen. Moista izena zuen sekta erlijioso eta politiko bat sortu zuen, antolakuntza militarra zuena. Haren jarraitzaileek liburu batean bildu zuten bere dotrina.