Mladic, Ratko
Serbobosniar militarra (Kalenovick, Bosnia-Herzegovina, 1943). Aita partisano komunista zuen, eta ustashiek (milizia kroaziarrak, nazien aliatuak) hil zuten. Ratko Mladicek herra bizia erakutsi du beti aleman, kroaziar eta musulmanen kontra. Jugoslaviako Federazioa desegin zen arte (1991), bere mariskal ohiaren –Tito kroaziar komunistaren– jarraitzaile itsu gisa agertu izan zen beti. 1991n, Kroazian, federaziotik banandu zen lehenengo errepublikan, gerra piztu zenean, Mladik Jugoslaviako Gudaroste Federaleko teniente koronela zen, eta bederatzigarren eskualde militarreko buruzagi izendatu zuten, Knin-en, Kroazian. 1992ko apirilean, Bosniako gerra zibila piztu zenean, Belgradek errepublika horretan jaiotako serbiarrak ez beste soldatu guztiak erretiratu zituen Bosniatik, eta Mladic gudarosteko giltza bihurtu zen. Garbiketa etnikoa egiteko eta serbiarrek okupatutako lurraldeak husteko erabili zituen metodoengatik, eta Serbia Handiaren alde hartutako jarrera irmoagatik, berehala igo zuten graduz, eta Banaluca-ko Gudaroste ahaltsuaren buruzagi nagusi izendatu. Haren gidaritzapean, Bosniako Serbiar Gudarostea lurrak konkistatzen hasi zen gerra zibila piztu orduko, eta berehala mendean hartu zuen Bosnia-Herzegovinaren % 70, serbiarrak biztanleriaren % 31 baizik ez baziren ere. Vance-Owen bake planari buruzko erreferendumari Bosniako serbiarrek ezezko biribila adierazi ondoren (plan horren arabera lurraldearen % 51 kroaziar musulmanentzat izango zen, eta % 49 serbobosniarrentzat), Mladic Serbiako errepublika aldarrikatu berriko buruzagi Karadzic-en etsai bihurtu zen, ez baitzuen onartu plana, eta Karadzicek bai. Gerra horretan Mladicek serbiar talde paramilitarrak antolatu zituen Kroaziako hiriei eta herriei eraso egiteko, Jugoslaviako Gudaroste Federaleko soldadu erregularrekin batera. 1993an, Bosniako agintariek urtebetean 140.000 zibil bosniar musulman sarraskitu izanaren erantzule nagusia izatea leporatu zioten. 1995eko apirilean, Hagako Nazioarteko Auzitegiak Mladic gerra krimenen susmagarri zela adierazi zuen. 1996ko uztailean, Auzitegiak Mladic eta Karadzic bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen, Sarajevori hiru urte eta erdiz ezarri zioten setioaren eta 1995eko udan serbobosniarrek Srebrenica ekialdea hartu zutenean musulmanak sarraskitu izanaren erantzule nagusiak izateaz akusaturik.
- mizpirondo
- mizto
- miztodun
- mks
- ml
- Mladic, Ratko
- mm
- Mn
- Mnemosine
- mnemoteknia
- Mnouchkine, Ariane