Menotti, Gian Carlo
Italiar musikagilea (Cadegliano, 1911). Milango kontserbatorioan ikasi ondoren, Estatu Batuetara joan zen 1928an. Lehen operarekin, Amelia al ballo, arlo lirikorako zuen gaitasun bikaina frogatu zuen. Musorgskik, Verdik eta Puccinik eragina izan zuten Menottiren lanetan. Libretoak berak idazten zituen, gaiak eguneroko bizitzatik hartuta. Ohiturazko harmonian oinarritzen zen, eta batzuetan disonantzia eta politonalitatea ere erabili zituen eragin dramatikoa indartzeko. Opera aipagarrienak ditu: The Medium (1946), The Telephone (1947), The Consul (1950), Amahl and the Night Visitors (1951, Amahl eta gaueko bisitariak), The Saint of Bleecker Street (1954, Bleecker kaleko santua) eta Maria Golovin (1958). Balletak, kantatak, pianorako eta biolinerako kontzertuak eta telebistarako lanak ere idatzi zituen, besteak beste.
- Menoio
- menonita
- menopausia
- Menorca
- menorragia
- Menotti, Gian Carlo
- menpe
- menste
- menstu, ments/menstu, mensten
- Mensuro Hernández, José
- menta 1