Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendaro

Gipuzkoako ipar-mendebaleko udalerria eta harana (Debabarrena). Mugak: iparraldean Mutriku, ekialdean Deba, hegoaldean Elgoibar eta Azkoitia, eta mendebalean Markina-Xemein (Bizkaia). 24,5 km2. 1997ko datuen arabera, 1.316 biztanle ditu (mendarotarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 992 euskaldun, 143 ia euskaldun eta 152 erdaldun. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 75. Auzo nagusiak: Azpilgoeta, Mendaro, Mendarozabal, Plaza eta ibaiaz bestalde, Garagartza. Deba ibaiak hegoaldetik iparraldera igarotzen ditu udalerria eta harana. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak, behi eta ardi azienda) eta industria (makina-erreminta, industria kimikoa) dira. Langile askok Deba, Elgoibar eta Azkoitiko industrietan lan egiten dute eta bigarren lanbidetzat dute baserriko lana. Aipagarri dira Azpilgoetako Ama Birjinaren Jasokunde eliza eta hango pinturak, Garagartzako XVI. mendeko lekaime agustindarren komentua eta Jasokunde eliza, Mendarozabalgo Trinitate ermita eta Mendaroko Santa Ana ermita eta Lasalde dorretxea.  v  Historia. Mutriku, Elgoibar eta Debako herrien artean egon da sakabanaturik, mendeetan zehar, Mendaroko harana. 1984. urtean izan zen udalerri.