mekanizismo
iz. Fil. Gertaera guztiak mekanikaren printzipioetan oinarrituta uler daitezkeela dioen filosofia dotrina. Mekanizismoaren arabera materiaren mugimenduaren ondorioz sortzen da dena, eta, hori dela eta, mugimenduaren legeen arabera azal daitezke gertaera guztiak. v Kosmologian, Leuzipo eta Demokrito (K.a. 460 - K.a. 360) greziar atomistak izan ziren dotrina honen lehenengo jarraitzaile ezagunak. Naturaren argibidea eta arrazoi bakarra eta erabatekoa atomoek hutsean zuten mugimendua zela zioten. Galileok (1564-1641) eta XVII. mendeko beste filosofo batzuek, Newton-en teorietan oinarri hartuta, atomisten ideiak onartu zituzten, eta filosofia mekanizista aztertu zuten. Descartes (1569-1650) neurri batean mekanizista izan zen; haren ustez gorputzak espazioaren zatiketak ziren eta materiaren esentzia hedadura zen, eta horren ondorioz gertaera fisiko guztiak mekanizismoaren legeen arabera azal zitezkeen, pentsamendua izan ezik. XVIII. mendeko Ilustrazio garaiko filosofoek mekanizismoaren legeak errealitate guztietara hedatu zituzten, baita konzientziara ere.