Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maule-Lextarre

Zuberoako eta Maule-Lextarreko kantonamenduko hiriburua, Zuberoako ipar-mendebalean. Mugak: iparraldean Bildoze-Onizepia; ekialdean Arrokiaga eta Sohüta; mendebalean Aiñharbe, Gotaine-Iribarne eta Garindaine, eta hegoaldean Gotaine eta Arrokiaga. 12,80 km2 eta 3.315 biztanle (mauletarrak; lextarretarrak, 2004). Herrigune hauek osatzen dute Maule-Lextarreko hiria: Maule (herriburua), Othegi, Dufaur, Bekeria, Bixtaeder, Lextarre, Darthe eta Saltho. Uhaitzandi ibaia hegoaldetik iparraldera igarotzen da udalerritik. ■ Azken urteotan, Zuberoa osoak bezalatsu, biztanleak galdu ditu Maulek, nahiz eta galera horiek ez izan handiak kopuruari dagokionez. ■ Hizkuntza. Frantsesa eta euskara (zuberera), euskaldunak, % 24. Ekonomia jarduera nagusiak industria (zapatagintza, ehungintza; langileen % 38,6) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, erietxea, banketxeak, hotelak; langileen % 56,3) dira. Jarduera industrialak garatzeko gunea sortu da, herria suspertu nahirik. Aipagarri dira XVI. mendearen bukaerako Maytie edo Maitia Berpizkundeko jauregia, herriaren gainean dagoen Erdi Aroko gaztelua (Luis XIV.a Frantziako erregeak suntsiarazi zuena), Maltako zaldunen eliza eta San Joan eliza.  v  Historia. XII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mauleko herria. 1841. urtean egin zuten bat Maule eta Lextarreko herriguneek udalerria osatzeko. Maule Zuberoako hiriburutzat hartu izan bada ere, Lextarren intxaurrondo baten azpian biltzen ziren Zuberoako erakunde politiko eta judizialak (Cour de Lextarre edo Cour de Noyer). Erdi Aroan zehar gazteluak babesturiko hiri garrantzitsua zen Maule eta azoka handiak egiten ziren bertan. Biztanleriak hazkunde handia izan zuen sasoi haietan, Biarnoko etorkinei esker neurri handi batean. 1661. urtean, Luis XVI.aren agintaldian, Iruriko kondearen mende geratu ziren Mauleko ondasunak. Mauleko laborariek, Matalas buru zutela, gaztelua inguratu eta protestanteei eraso zieten. Han egin zen 1972. urteko Aberri Eguna.